Zientzia

eguzkiaNASA, eguzkira gerturatzeko prest

Parker Solar Probe izeneko misioarekin, eguzkira inoiz baino gehiago gerturatzeko saiakera egingo du, 2018an, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak. Horretarako, Parker deritzon zunda bidaliko du, zeina eguzkiaren koroa zeharkatu eta izarraren lurrazaletik 6,2 bat milioi kilometrora hurbilduko den, hainbat neurketa egiteko xedez. Hots, sekula aztertu gabeko eremura ailegatuko da. Mugarritzat jo dute misioa. Izan ere, hainbat arrazoi tarteko, orain artean ezinezkotzat zuten halakorik egitea: tenperatura altuak, irradiazioa, abiadura handia... Ez zegoen materialik halako baldintzei eusteko. Haatik, Parker zunda muturreko egoeratan lan egiteko diseinatu dute. Eguzki haize supersonikoen teoriak garatu dituen Eugene Parker astrofisikariaren omenez jarri diote izena. Datorren urteko uztailean jaurtiko dute, Delta IV suzirian. Lehendik ere beste zunda batzuk gerturatu izan dira eguzkira. Ez, ordea, Parker iritsiko den bezain gertu. Hortaz, adituek uste dute baliagarria izango dela izarrari buruzko jakingarri berriak biltzeko; besteak beste, eguzki haizeak eta eguzki ekaitzak hobeto ezagutzeko.