Ondarea

Besoitaormaetxea baserria, euskal baserriaren garapenaren eredu

Zer izan garen eta zer garen ulertzeko bidean, arrasto gehiago eskaini ditu Berrizko Sallobente auzoko Besoitaormaetxea baserriak. Indusketa arkeologikoak egin dituzte bertan eta karbono 14 probari esker, “lehenengoz datatu da zientifikoki euskal baserriaren aitzindaritzat jo daitekeen eraikina”. Hala, egiaztatu dute XII. mendean leku horretan txabola itxurako eraikin errektangularra zegoela, eta horixe zela orduko biztanleen bizimoduaren erdigunea. Estratigrafia teknikek erakutsi dute, halaber, lehenago etxola biribil bat zegoela. Alabaina, horren aztarnei ezin izan diete dataziorik egin, ez dutelako aurkitu beharrezko materiala.  Dataturiko aztarnak oinarri, euskal baserriaren garapen arkitektonikoa eta etnografikoa azaldu ahal izan dute. Hots, eraikin bakarrean historian izandako ekoizpen sistemak eta bizimodua aztertuz, baserriaren eboluzioan sakondu dute. 2014an baserria eraberritzeko egindako lanen ondoren induskatu zuten, eta, besteak beste, baserriaren lurzoru osoa aztertu ahal izan zuten (gauza ezohikoa). Besteren artean, topatu zituzten habe zuloak, silo zuloa, buztinez prestatutako zorua edota harrizko baserria eraikitzen hasi zireneko zimendatzea. Hain zuzen, habe zuloetan edo silo zuloan topaturiko mikroikatz partikulak baliatu dituzte karbono 14 proba egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Berrizko Udalaren eta Gerediaga Elkartearen ekimenez egin dira ikerketak.