Ongizatea

urdaibaiBiosfera Erreserba izendatu zutenetik, bizi-kalitateak gora egin du Urdaibain


Ingurumena babesteko neurriek, askotan, talka egiten dute babesturiko eremuetan bizi diren herritarrekin. Izan ere, hainbat giza jarduera eta ustiapen mota debekatu edo mugatu egiten dira. Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zutenean ere, antzeko eztabaidak sortu ziren. Haatik, EHUko ikerketa batek ondorioztatu duenez, Urdaibai eremu babestu izendatu izanak, hainbat muga ekarri arren, herritarren bizi kalitatea hobetu du. Nekane Castillo EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak ikertu du Urdaibai Biosfera Erreserbaren ingurumen bilakaera, bai eta bilakaera sozioekonomiko eta kulturala ere. Zehazki, Busturialdea eta Uribe Kosta eskualdeetako hainbat aldagai, ekonomiari, gizarteari, kulturari eta lurraren erabilerari lotuak. Ondorioztatu duenez, izendapenak ez du eragin txarrik biztanleengan, eta ingurunearen kontserbazioa bermatzen du. Gainera, “litekeena da horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana”. Landa jarduera tradizionalak bertan behera utzi eta turismoari loturikoak hazi egin direla ere egiaztatu du. Dena dela, urte hauetan, ongizatea (errenta, barne produktu gordina, goi mailako hezkuntza eta enplegua) eta jasangarritasuna handiagoak bilakatu dira.