Ingurumenaren aldeko aldarriari saria

Marijo Esnaola bidaniarrak irabazi du V. Euslogan lehiaketa, Donostiako AEK-k antolatua, Ingurumena amilka, Lurra intzirika esloganagatik. Ingurumenaren zaintzaren aldeko esloganak eskatu dituzte antolatzaileek aurten, eta, lehiaketara aurkeztu diren hogeita hamaika esloganen artean, epaimahaiak Esnaolarena saritzea erabaki du. Hala, Mahala baserriko produktuez osatutako saskia eskuratu du bidaniarrak. Bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren, Donostiako Irrintzi euskaltegiko alfabetatze taldeak proposaturiko hauek: Haizea, lurra eta ura, geure ardura eta Maitatu natura, zurea baita onura. Zorionak irabazleari, eta on dakiola!