Ezkerraldeko Berbalagunak, berriro txikota erriatzen V. Berbabordajean

berbabordajeEzkerraldeko berbalagunek aingurak jaso eta euskara Zazpi Itsasoetatik barreiatu zuten beste behin, Berbabordajea egitasmoaren bosgarren edizioan. Ekintza honek, ikasturteko amaiera jaia ospatzeko, itsasontzi batean biltzen ditu Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko ikasle, berbalagun eta euskaltzaleak, eskualdearen eta itsasoaren arteko lotura irudikatu nahian. Aurtengoan, Goizeder Pellicer, Sendoa Gil eta Manu Iturregiren musikaz lagunduta, Ibaizabal itsasadarrean zehar ondo baino hobeto astindu zuten mihia parte hartu zuten 70 lagunek. Bitartean, bazterrei erretratuak egiten ere ibili ziren, irudirik ederrena harrapatu eta antolatzaileek proposatutako Argazki Rallyan parte hartzeko. Aritz Diez Portugaleteko berbalagunaren esanetan, “Berbabordajea leku bikaina da eskualdeko euskaldunak ezagutzeko, giroa oso aproposa baita horretarako”. Aukera interesgarria, zalantzarik gabe, aurtengo mintzakideak sendotzeko eta, datorren urterako, berriak ezagutzeko.