Harri kartoizko sentimendu biziak

Ohiko irudia da edozein herriko jaietan: txistulari, dultzainero edota gaiteroen alboan tente, zurrun ibilian eta zalu dantzan, buruhandien lasterraldi bihurriek bidea zabaltzen dietela, kalean barrena erraldoiak pertsona txiki ugariz, eta ez hain txikiz, osatutako segizioa atzetik dutela. Buruhandi eta erraldoien konpartsak ezinbesteko protagonistak dira festa ugaritan. Tradizio handiagoa eta jarraitzaile gehiago izaten dituzte zenbait lekutan, Iruñean, kasu; gutxiago beste zenbaitetan, baina oso zaila da erraldoi eta buruhandirik gabeko herririk topatzea. Edo harrituta, harrotuta, beldurtuta nahiz miretsita haiei begira dagoen begi mordorik ez ikustea. Izan ere, umeak eta helduak erakartzen dituzte beren dantzekin eta ibiliekin planta ederreko erraldoiek eta itxura barregarriko buruhandiek, kaleak txiki utzita. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Txomin L. Aramaio.

testi“Erraldoiekiko zaletasuna barneratu egiten da, bizi, eta ondorengoei transmititzen zaie”

Ziurrenik Euskal Herriko ezagunenak dira Iruñeko erraldoi, buruhandi eta kilikiak. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Jesus Mari Ganuzak (Iruñea, 1959), 1978tik Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsako kide baita, eta 1990etik presidentea. Gainera, erraldoi eta buruhandiak egin eta konpontzen ditu. Ofizioz marmolaria izanik, bi ogibideetan jardun izan du ia bizitza osoan.

Duela zazpi urte utzi zion erraldoiak dantzatzeari Ganuzak, “gazte jendeari lekua egin behar zaiolako”. Orain, “egunez gertatzen denaren arduraduna naiz. Dantzen gaia eraman, ordutegiak, ustekabekoei aurre egin…”. Finean, dena koordinatzen du. Ehun lagun inguruk osatzen dute konpartsa. “Sanferminetan, goizetan, 66 lagun atera ohi dira, 21 gaita jotzailerekin batera. Guztira, 87 lagun. Badu bere lana” dio. Hala, hilabete eta erdi lehenago hasten dira Iruñeko festetako ibilbideak prestatzen; irudiak atontzeari, berriz, Aste Santua eta gero ekiten diote.
Sanferminetan ez ezik, urtean beste hiru aldiz ere ateratzen dituzte erraldoiak kalera: San Fermin Txiki jaietan (irailean), San Saturnino egunean (azaroaren 29an) eta Burguen Batasunaren Pribilegioaren Egunean (irailaren 8an). Irteera gehiago ez dute egiten hirian, ezta Iruñetik at ere. “Tira, noiz edo noiz sor daiteke aukeraren bat, baina oso-oso berezia izan behar du. Bestela, astebururo ibiliko ginateke hara eta hona. Gainera, kanpora ateratzeko baimena Iruñeko Udalak eman behar du. Guk mugitu egiten ditugu, baina Udala da jabea”. Zaindu ere, konpartsak zaintzen ditu.
Zaindu beharko! Izan ere, kalteak jasateko aukerak ez dira gutxi: “Egun, horrenbeste dantza egiten dutenez eta hainbeste mugitzen direnez, kolpe dezente jasotzen dituzte, eta askotan konpondu behar izaten dira. Baina oso ongi daude, 80ko hamarraldian konponketa garrantzitsua egin zitzaielako”.
157 urteko erraldoiak sasoian daude. Sanferminetan, goizero, segizioak jendetza bildu ohi du. Umeen artean soilik ez, helduen artean ere oso arrakastatsuak dira. “Jakina! Erraldoien alboan argazkia ateratzeko prest biloba eskuetan duten aitona-amonetako askori umea kendu, eta ez lirateke ohartu ere egingo . Hain hunkituak egoten dira! Pentsa, txikiak zirenean ikusten zituzten erraldoi berak dira. Hori barneratu egiten da, bizi, eta, lehenik, seme-alabei transmititzen zaie, eta, ondoren, bilobei”. Belaunaldiz belaunaldi igarotzen da sentimendua, eta horixe da, Ganuzaren ustez, arrakastaren gakoa. “Txikitatik jasotzen baduzu, ez duzu sekula ahaztuko, eta antzematen da. Ume koskor asko eta askok, hazi ahala, etortzeari uzten diote, baina urte batzuetara berriro gerturatzen dira, umea besoetan dutela. Askotan gertatzen da hori. Hain sentimendu indartsua denez, erritual baten antzekoa da”.
Arrakasta, gainera, “hazten ari da. Normalena da gorabeherak izatea. Gure kasuan, harrigarria da: 30 urte baino gehiago daramatzagu gailurrean. Inoiz eroriko gara, diot nik, baina urtero esaten dugu gauza bera eta urtero etortzen da gero eta jende gehiago”. Ganuzak dioenez, “ni hasi nintzenean, ez zuten hainbesteko oihartzunik”. Arrakasta horretan, bere aurreko belaunaldiek egindako lana nabarmendu du: “Erraldoiak berreskuratzen, eta jendeak haietaz goza zezan, sekulako lana egin zuten, eta emaitza orain ari gara jasotzen. Gainera, egungo kideak inoiz ez bezala dantzatzen direnez, beren lanaren fruituak hemendik hamar bat urtera nabarituko dira”.
Lau kontinenteetako errege-erreginak irudikatzen dituzten zortzi erraldoiak, bost buruhandi, sei kiliki, zaldikoak… denak maite dituzte, baina badira aldeak. “Ni hasi nin-zenean, ume guztiak ibiltzen ziren Patata kilikiarekin korrika, hari zirikaka… Baina, bat-batean, halako pertsonaia bat agertu zen konpartsan eta Caravinagreri bere nortasuna eman zion. Mutil hark duela urte asko utzi bazuen ere, Caravinagrek bere nortasunari eusten dio. Bera da nagusia egun!”.
Erraldoien artean, aldiz, “azkenaldian, bi amerikarrak ari dira arrakasta lortzen; batez ere emakumeak, Braulia izenekoak, gazteak zoratu egiten dira berarekin... bueno, eta ez hain gazteak ere bai! Dena dela, errespetatuena Errege Europarra da. Nire ustez, politena ere bada, nahiz eta lan gehien eskatzen duena izan. Hori bai, berak jasotzen ditu umeen zupaki gehien, alde handiarekin, gainera”.
Irudi eramaile bakoitzak ere izaten du bere gustukoa. “Beti izaten dira faboritismoak. Eramaileek hiru urte ematen badituzte irudi bera dantzatzen, kutuna bilakatzen zaie”. Kutunagoak izan ala ez, denak maite ditu Ganuzak. Kalean ikusten dituenean, “oilo-ipurdia jartzen zait, zenbait unetan, baina beste zenbaitetan nekatu egiten naute. Gainera, urte osoan ikusten ditut nire tailerrean, pixkanaka konpontzen ditudalako. Baina bai, data garrantzitsuak hurbildu ahala, oilo-ipurdia jartzen zait”.

testitzi“Ehun urte iraun badute, askoz gehiago beteko dituzte”

Joseba Perea gasteiztarrak sei urte daramatza Gasteizko erraldoi eta buruhandien konpartsan, kudeaketa lanetan. Aurten, 100. urteurrenean murgiltzea egokitu zaio. Uztailaren 30ean ospatuko dute jaia.

Gasteizko erraldoi eta buruhandien konpartsa 1917ko udan sortu zenez, hilaren amaieran ospatuko dute urtebetetzea. Orotara, 50-60 erraldoi batuko dira: Arabako herrietakoak, Donostiakoak, Bilbokoak, Iruñeko Txantrea eta Buztintxuri auzoetakoak, Baztangoak, Iparraldekoak... Anfitrioiek, Foru Plazan, duela 100 urte erraldoiekin eta buruhandiekin leku berean atera zen argazkia errepikatuko dute. Ama Zuriaren plazan dantzan egin ostean, jendeak ikusteko utzi eta dantzariak bazkaltzera joango dira.
Duela 100 urte Madriletik ekarritako bi erraldoien eta lau buruhandien buruak Gasteizko Musika Etxean daude gordeta, beste erraldoiekin batera. Pereak kontatu digunez, “XX. mende hasierako gasteiztarrek dirua jarri zuten lehenengo haiek erosteko, baita Círculo Vitoriano elkarteak ere, zozketak egin ziren... Pixkanaka-pixkanaka, konpartsa handitu eta berritu egin da, baina beti hasierako pertsonaien izaera eta irudia errespetatuta”. Erregeak, adibidez, 1991n egin ziren, baina baziren aurretik beste batzuk, Heraclio Fournier karta fabrikak hiriari oparitutakoak: “Berriak egin ziren haiek oso astunak eta eramateko zailak zirelako”. Txotak eta zaldiak, berriz, 1997koak dira.
Pereak konpartsan dituen lanen artean ez dago erraldoiak dantzatzearena, baina Gasteizko jaietako azken egunean beti eramaten du baten bat, “zati batean, gogoa asetzeko, kar-kar”. Hamar erraldoiek, lau buruhandiek, lau zaldiek, lau txotek, zezensuzkoak eta Gargantuak osatzen duten kuadrillak ematen du, bestela ere, nahiko lan: “Konpartsan egoteak jaietan lan egitea dakar berekin, baina aurretik ere gauza asko prestatu behar izaten dira”. Esaterako, urteurrenaren harira, azken 20 urtean erabili izan dituzten bizpahiru dantzak baztertu eta bost berri sortu ditu propio taldeko dantzari Javi Lumbrerasek: “Ez dira zailak izaten, erraldoiekin dantzatu behar direlako, baina ikasi egin behar dira; beraz, aurtengoa ahalegin berezia da”. Bestalde, urtero berritzen da erraldoiak dantzatzen dituen jendea ere: “Hogei dantzarietatik urtero berritzen dira bospasei, jendea nekatu egiten delako”. Halere, hori ez da arazoa, beti izaten baita erreleboa, baina aurten badakarte berritasunik arlo horretan: “Azkenean, lortu dugu hiru emakumek parte hartzea (elkarrizketa egunean dantzak ikasten ari ziren artean, erraldoiekin probatu gabe). Badut gutxienez bi konpartsan geratzeko esperantza”.
Guztira, 37 lagun elkartzen dira konpartsan: “17 eta 44 urte bitarteko dantzariak ditugu; bat tradizio handikoa da, bere aitak, osabak eta aitonak ere ibili baitzituzten erraldoiak”. Perearentzat, “lau erregeak dira kutunenak; azken batean, txikitatik jolastu izan gara kartetan. Dantza egitean, gainera, haien kapek buelo handia hartzen dute, eta ikusgarria da”. Gainontzekoen artean, Los Regüeveros izenekoak izan ziren lehenengoak, eta Arabako herrietako jendea irudikatzen dute. Horiez gain, Mendialdeko baserritar bikotea eta Aramaioko baserritar parea daude, guztiak benetako pertsonen antzera eginak.
Arrakasta dute erraldoiek eta buruhandiek: “Ume batzuk egunero etortzen dira jaietan, eta ibilbide osoa egiten dute gurekin, lehenengo mementotik itzulia amaitu eta biltegiko atea ixten dugun arte, baten bat bere erraldoi txiki eta guzti. Orain 17 urte dituen konpartsako dantzaria, adibidez, bere buruhandiarekin etortzen zen txikia zenean”. Helduek ere gustuko dituzte, “baita adinekoek ere. Batzuk hurbiltzen zaizkigu kontatzera gaztetan erraldoiak dantzatzen zituztela, edota jantziak josi zituztela beren garaiko erraldoientzat”. Pereak, hortaz, ez du beldurrik etorkizunari begira: “Ehun urte iraun badute, askoz gehiago beteko dituzte. Jende berria sartzen da, eta umeei zein helduei gustatzen zaizkie. Jaietako azken egunean azken dantza egiten dugunean, agur moduko bat izaten da hurrengo urtera arte, gaitero guztiek (30 inguru) jotzen dute batera eta oso hunkigarria izaten da. Jendeak negarrez bukatzen du”.

 

bergara“Lehen, ez zegoen honenbesteko zaletasunik Bergaran, baina azken urteotan taldea hazten ari da”

Gazteak dira Bergarako erraldoiak. Adin nagusitasunera datorren urtean iritsiko dira. Izan ere, 2000. urtean sortu zuten erraldoi taldea, Udalak eskatuta, Xamatz dantza taldeko zortzi lagunek. Egun, sei erraldoi handi eta hamar txiki dituzte. Iragan ekainaren 3an, guztiak ezagutzeko aukera izan zen, Bergarako Pentekoste jaietan ospaturiko Erraldoi Egunean. Egun hartan beste hainbat lekutako erraldoien alboan zeuden Bergarakoen berri eman digu Jon Ander Garitano Askasibar (Bergara, 1971) konpartsako kide eta lehendakariak.

Nahiko talde berria izan arren, pixkanaka herrian errotu dela esan daiteke. “20 bat heldu izango gara taldean, eta umeak 25 edo” kontatu digu Garitanok. “Lehen ez zegoen honenbesteko zaletasunik Bergaran, baina azken urteotan taldea gero eta gehiago hazten ari da”. Herrian kalez kale ibili ez eze, kanpora ere egiten dituzte irteerak. Aurten, besteak beste, Aguilar del Campo (Palentzia, Espainia), Azpeitia eta Gasteiz bisitatuko dituzte. “Kuadrillan joaten gara kanpora, familiartean” dio Garitanok. “Umeak konpartsakoak baldin badira, gurasoak ere haiekin joaten dira irteeretara. Elkarrekin bidaiatu, bazkaldu... taldean ibiltzen gara. Aguilar del Camporako bidaian, esate baterako, 35 lagun inguru batuko gara asteburu pasa. Iaz, 22 irteera egin genituen, eta aurten ere dezente mugituko gara”. Behin umeak taldean sartuta, familia gehitzen da, gero umeen lagunak... Hala, gelditu barik, taldea handituz doa.
Taldea 2000. urtean sortu bazen ere, Joxe Bixente eta Mari Kattalin erraldoiak zaharragoak dira. “1978. urtekoak dira konpar-tsako erraldoirik zaharrenak. Orduan, baina, ez zegoen inolako talderik haietaz arduratzen zenik; hiru lagunen artean ateratzen zituzten, eta ez zegoen konpartsarik, ez dantzarik, oinez joaten ziren batetik bestera”.  Mende hau hastearekin batera, Udalak Xamatz dantza taldekoengana jo zuen, laguntza eske, eta taldekide batzuk erraldoien taldean sartu ziren; tartean, Garitano bera.
Joxe Bixente eta Mari Kattalin erraldoi handiak dira. “Haien atzetik, eta taldearen baitan egindako lehenengoak, Madalena eta Ximon etorri ziren (2000). Ostean, Peru eta Marixe (2013). Guzti-guztiak dira 3’5 metro baino garaiagoak”. Aurretik aitatu bezala umeak ere konpartsan sartzen hasi zirenez, beste batzuk egin behar ziren haientzat. Bide horretan, Felixin eta Guti (2011), Elhuyar anaiak (2013), Relleno eta Tostoi (2016) eta, aurten, Mahoi eta Kotoi egin dituzte. Lehenengo seirak 2’5 metrotik beherakoak dira,  eta berrienak hortik gorakoak. “Gure taldeko umetxoak hazten doaz, eta beraientzat eginak dira, 11-12 urte bitarteko taldekideentzat, alegia”. Egokitu beharra dago, eta hiru tamainako erraldoiekin txikien, gazteen eta helduen parte hartzea bermatzen dute. “Taldeko guztiek kalejiretan parte hartzeko, beharrezkoa da gero eta erraldoi gehiago egitea. Bestela, txanda laburrak egin behar ditugu, eta denok hartu nahi dugu parte”. Horiek guztiak mugitzea, baina, ez da erraza. Azpiegitura ederra eduki beharra dago: “Kamioi bat eta atoi bat ditugu erosita, eta horietan ibiltzen gara batetik bestera. Konpartsatik inork ez du kobratzen, eta irteeretatik ateratzen duguna konpartsan inbertitzen dugu. Hori bai, jaietan afaria egiten dugu kide guztiok, konpartsaren kontura”.
Taldean erabakitzen dute, guztien artean, zein pertsonaia sortu, betiere Bergararekin zuzenean lotuta: “Iaz, esate baterako, Bergarako gozo tipiko batzuk omendu genituen. Era berean, Felixin eta Gutirekin, herriko saltsa eta perrexila omendu genituen: Felix Iñiguez eta Luis Mari Gutierrez. Aurten, berriz, herrian garrantzitsua izan zen kotoi industria eta hari emandako mahoi kolorea” azaldu digu Garitanok. “Mikel Ibartzabal herritarrak egiten ditu erraldoiak”.
Tamaina handieneko erraldoi biren plastikozko erreplikak ere salgai dituzte: Ximon eta Madalena. “Moda-modan dago gomazko erraldoien mundua, eta guk ere saltzea erabaki genuen. Bartzelonara egindako bidaia batean ikusi genituen plastikozko erraldoiak, eta ondoren hasi ginen”, gogoratu du. 400 bat salduta dituzte dagoeneko, eta Gabonetarako beste bi aterako dituzte: Felixin eta Guti. “Jendeak eskatu egin digu eta”.
“Modan zelan dauden ikusteko, gure topaketetan taldekide baten bildumako erraldoiak jarri genituen erakusgai. Demaseko bilduma dauka, 200 erraldoi baino gehiago: hemengoak, Aragoikoak, Kataluniakoa... hara eta hona ibili ohi da gomazko erraldoien bila”. Erraldoi handi, ertain, txiki zein gomazko, badute non entretenitu Bergarako erraldoi konpartsako lagunek.