Erraustegiaren alde ala kontra zaude?

ikamika

Gipuzkoako hondakinak erreko dituen errauste plantaren (edota, sustatzaileek izendatu duten moduan, Gipuzkoako Ingurumen Gunea) eraikuntza lanak iragan maiatzaren 10ean hasi zituzten Zubietan, protesta artean abiatu ere. Tartean izan dira egitasmoa geldiarazteko saiakerak, GuraSOS plataformak epaitegietan ipinitako helegitea edota pasa den hilean Donostiako Easo plazan burututako gose greba, esaterako, baina ez dute helburua bete. Aitzitik, lanak ahalik eta azkarren abiarazten saiatu da EAJk eta PSEk gidatutako Foru Aldundia, aurkako iritzi eta mugimenduak handiak izan eta hondakinak kudeatzeko bestelako proposamenak egon arren. Izan ere, lanak martxan badaude ere, erraustegiaren kontrako mugimenduak ez dio uko egin egitasmoa geldiarazteko xedeari. Bitartean, hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidak eta horrek dakarren guztiak (osasun eta ingurumen gaiak, kostu ekonomikoa, Europako araudiak...) beren horretan diraute. Zer iruditzen zaizu erraustegiaren afera? Zure herritik gertu eraikiko balute, berdin pentsatuko zenuke? Eibarko AEK-ko B1-B2 eguerdiko taldea.

1. Jose Mari

Arazo korapilatsuetarako ez dago erantzun errazik, eta erraustegia konponbide errazegia izan da. Beste aukera batzuk egon badaude, eta kanpaina gehiago egin beharko lituzkete gehiago eta hobeto birziklatzeko. Inori ez zaigu gustatzen erraustegi bat edukitzea gure inguruan.
2. Alaine

Iruditzen zait ez dela bidezkoa. Izan ere, kalte handia egiten dio gure osasunari, eta errauskailuaren atzean dauden enpresak aberastu egingo dira. Ez nuke nahi bizi, Eibarren, errauste planta batek sortuko lukeen kutsadurapean.
3. Anton

Emaitzen arabera, argi dago aukera: atez ateko bilketa sistemaren alde egin behar da. Baina gai hau politikoa eta ekonomikoa bihurtu da, diru kopuru handiak mugitzen dituelako. Inork ez dugu nahi gure inguruan errauskailurik. Inposatuta bada, are gutxiago!
4. Marisa

Kontra nago, bai osasunerako, bai naturarako kaltegarria delako, baina “gure” agintariei dena oso ondo iruditzen zaie. Orduan, zer egin behar dugu, manifestazio gehiago? Eibartik gertu eraikiko balute, berdin-berdin egongo nintzateke kontra.
5. Vanessa

Inbertsio handia izango da, baina ez dut uste zabor guztia desagertuko denik. Berdin edo okerrago pentsatuko nuke Eibarren egingo balute, frogatuta baitago osasunerako kaltegarria dela.
6. Ainhoa
Osasunerako kaltegarria dena ez litzateke planteatu ere egin beharko. Eibartik gertu eraikiko balute, agian ahaleginduko nintzateke prentsan eta komunikabideetan zarata ateratzen.