Bilbon, duela 700 urte...

bilbo

Azken urteotan turistaz lepo egon ohi dira Bilboko alde zaharreko kaleak, bilbotar peto-petoek ere ez dakizkiten kontuak gidarien ahotik entzuten. Izan ere, kanpokoak ezagutzera joaten gara askotan, etxekoen berri izan barik... Ezagut ditzagun Bilboren hastapenak turisten betaurrekoak jantzita. M. Egimendi.

Zaharra zara, Bilbo... kantatzen du Garik Bizkaiko hiriburuari eskainitako abesti batean. Eta hala da, 717 urte bete berri ditu hiriak. Haatik, Diego Lope Harokoak 1300. urtean hiribildua fundatu zuenerako, bazen arrantzale auzo txiki bat gaur egun San Anton elizak, Erribera azokak eta Dendarikale, Artekale eta Goienkale kaleek hartzen duten lekuan. Zergatik fundatu han hiribildua? Bada, Gaztelako bide estrategikoa heltzen zelako bertara, eta Bilbok merkataritza lehia zuelako Bermeorekin (Bizkaiko lehen hiribildua). Goienkalek, gainera, muga egiten zuen Begoñako elizatearekin. Duela 200 urtera arte Erronda kalea Begoñaren lurra izan zen, eta horrela du izena soldaduek erronda egiten zutelako bertan. Kale horretan ikus daiteke oraindik harresiaren zati bat, Kamaroi kantoiaren sarreran. XIV. mendean egin zen, premia berezi barik, garai hartan ez zelako gerrarik izan inguruan. Halere, hiribildua eta Begoñako baserri giroa bereizteko balio izan zuen ia bi metro lodi zen hormak.
Bilboko Zazpi Kale famatuak XIV. mendearen erdialdera osatu ziren, hiribilduaren lehenengo zabalkuntzan Belostikale, Harategi Zaharra, Barrenkale eta Barrenkale Barrena sortu zirenean. XV. mendearen bukaeran burutu zen bigarren zabalkuntza: Santa Maria, Bidebarrieta eta Posta kaleak, aurreko zazpiak baino zabalagoak. Hainbat etxe eta jauregi ikusgarri dago kaleotan, Bidebarrieta udal liburutegia, kasu, bere garaian Sociedad El Sitio klub pribatua izandakoa. Klubeko kideak liberalen aldekoak izan ziren gerra karlistetan eta, garaipena lortzean, mendekuzko arkitekturaz eraiki zuten etxea (1888), frantses estiloan. Barrutik ere halakoxea da, eta gerra karlistetan lehertu gabeko bonba bat dago ikusgai.
Itzul gaitezen, ordea, XIV. mendera. San Anton zubia ez zegoen oraingo lekuan, XV. mendean eraikiko zen elizaren (XIV. mendean alkazarra zegoen tokian) beste aldean baizik. Horra heltzen zen, hain zuzen, artilea sartu eta burdina kanporatzeko erabiltzen zen Gaztelako bidea. Bilboko armarrian agertzerainoko garrantzia hartu zuten bai zubiak bai elizak (bi otsoak Haro familiaren armarrikoak dira). San Anton eliza barruan ere ikus daiteke harresiaren zati bat.
Erdi Aroan Bilboko Plaza Nagusia orain Erriberako azoka dagoen lekuan egon zen. Zubi ondoan kokatuta, bertan egiten ziren exekuzioak, zezenketak eta bestelako ikuskizunak. Horren erakusle da San Anton elizako paretan gatzaren matxinadagatik 1634an exekutatuko sei kideren detailea, bertan hil zituztelako. Nobleek horrelakoak ikusteko balkoi pribilegiatua zuten elizaren horman. Mugimendu handiko gunea zen, orduko udaletxea eta kaia ere bertan zeudelako, leku paregabea bertoko eta kanpoko merkatarientzat negoziotan jarduteko.
Erribera kaleko arkupeak geroagokoak dira: XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako biztanleek etxearen aurrealdea okupatzeko egin zuten saiakeraren emaitza. Kalearen zati bat hartuta hasi ziren arkupeak egiten, etxeak handitzeko, baina udala trikimailuaz jabetu, eta azpiko bidea behintzat jendearentzat libre geratzeko agindu zuen. Arkupeak, ordea, pribatuak izaten jarraitzen dute gaur egun.
Erdi Aroan ohikoa izaten zen hiribilduak bi elizaren artean egotea, kasu honetan, San Anton eta Santiago. Hala, hiribilduaren beste muturrean eraiki zen Santiago eliza (XIV. mendearen bukaeratik XV.aren amaiera bitartean). Gaur egungo ate nagusia gerokoagoa da (XIX. mendekoa), hasieran bi baitzituen: atzekoa (Aingeruaren Atea deituak Done Jakue bideko erromesen maskorraren irudia du gainean) eta albokoa. Bigarren ate horren gainean egin zen arkupea XVI. mendean, helburu bikoitzarekin. Batetik, Plaza Nagusiko azoka bertara eramateko euri egunetan, estalpean egoteko; eta bestetik, elizari eusteko, Bilbo harea gainean finkatua dagoelako.
Bilbo zaharreko etxe gehienak altuak dira oso, hiribilduak lur gutxi zuelako. Gehienek dituzte lauzpabost solairu, baita sei ere. Plaza Barria egitea erabaki zenean (1821), protestak izan ziren, etxeen jabeek euren eraikinetako solairuak alokatu egiten zituztelako (etxe berriak egitean, eskaintza handiagoaren ondorioz, alokairu eskaera gutxiago). Plaza Barriko lanak 1828ra arte atzeratzea lortu zuten, baina urte horretan sustatzaileek proiektua aurkeztu zioten Fernando VII.ari, plazari haren izena jarri eta erdian haren zaldi gaineko estatua eraikiko zutela aginduta. Erregeak, jakina, proiektua sutsuki defendatu zuen. Halere, plaza ez zen 1851 arte bukatu; gune garrantzitsua bihurtu zen orduan, XIX. mendearen bigarren zatian. Pentsa, 1871n Amadeo Savoiakoari ongietorria emateko arkupeen beheko aldea itxi eta urez bete zuten, bertan gondolak jarri eta jai “veneziarra” egiteko...
Bidebarrieta eta Santa Maria arteko Txakur kaleak ere badu historia. Santa Maria aldean dago La Bolsa edo Burtsa izenez ezagutzen den John jauregia. Askoren ustearen aurka, ez da inoiz Burtsaren egoitza izan, ingeles jatorriko jauntxo batzuen burdindegia baizik. Poltsa bat egoten omen zen eskegita kanpoan, eta gaztelaniaz Burtsa eta poltsa berdin esaten direnez (bolsa)... hortik izena. Urriaren 11n salbea errezatzen diote txikiteroek fatxadan den Begoñako Andra Mariren irudiari. Bitxikeria moduan, egin ezazue proba fatxadari begira jarrita, lurrean izar batez markatuta dagoen harlauzaren gainean: horixe da Begoñako basilika Zazpi Kaleetatik ikusteko toki bakarra.
Txakur kalearen beste muturrean dago 1800. urteko iturri famatua. Aska antzinako sarkofagoa dela uste du zenbaitek, eta ura hiru animaliaren ahotik isurtzen da bertara. Txakurraren iturria deitzen bazaio ere, hiru animalia horiek ez dira txakurrak, Egipton inspiratutako (modan orduan) lehoiak baizik. Halere, orduko bilbotarrek lehoirik inoiz ikusi ez eta txakurtzat hartu zituzten. Hortik iturriaren izena, eta ondoren kalearena. Kale berean dagoen euskal giroko Kalderapeko tabernak ere badu lotura iturriarekin; izan ere, “kalderapeko” esaten zitzaien ur bila bertara joaten ziren emakumeei, ontzia (kaldera) buruan hartuta. “Kalderaren pean” ibiltzen zirenez, kalderapeko.