Paradisua ur artean

irla

Urgull eta Igeldo mendien artean, Kontxako badia Bizkaiko itsasoaren oldarraldietatik babesten duela, Santa Klara uhartea “ikusmira paregabea” delakoaren ezinbesteko osagaia da. Turistez jositako Donostiako kale eta txokoetatik gertu, baina bereiz, hiriko talaia aparta izateaz gain, toki berezia da. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik idatzi zuen bezala, “Donostiako paradisuari Santa Klara Uhartea deritzo”.

Uhartezale amorratua izanik, halaxe idatzi zuen Donostiakori buruz Txillardegik Santa Klara, gure uharte ezezaguna liburuan (Kutxa Fundazioa, 2004). Paradisu izateko ezaugarriak baditu, dudarik gabe, duela 50 bat urtetik Interes Nazionaleko Gune Historikoa denak. Halere, irlaren historiari erreparatuz gero, paradisutik gutxi izan duela pentsa daiteke: XVI. mendean izurriak kutsatutako hiritarrak jasotzeko lazareto, preso eta gaizkileen erbeste leku, heretikoak lurperatzeko gune, bi aldiz (1719an eta 1813an) setiatutako kokaleku militar... Akaso, Frantzisko Asiskoa ere paradisuaren bila gerturatu zen bertara, XIII. mendean, Jainkoaren hitza zabaltzeko Afrikara egindako bidaian. Paradisua ez eta alborengo latza harrapatu ei zuen, egiaztatu gabeko kondairaren arabera.
Hain zuzen, Frantzisko Asiskoaren alaba espirituala zenari, Santa Klarari, zor dio izena uharteak. Mende askoan, Santa Klararen omenezko ermita izan zuen tontorrean. 1362. urtean eraiki zuten, eta 1813ra arte iraun zuen, hiriarekin batera suntsitu zuten arte. Ermita lehenagokoa izanik ere, irlaren izenaren lehen aipamenak 1489. urtekoak dira.
Nolanahi ere, Santa Klara uhartearen azken hamarraldietako historia mundutarragoa eta atseginagoa da. Donostiarrentzat eta kanpotarrentzat, aisialdirako, jolaserako eta atsedenerako tokia izan da. Horrez gain, zenbait garaitan, hirian baino askatasun handiagoa topa zitekeen bertan.
Itsasoan amiltzen diren labar pikoek babestuta, 5,4 hektareako azalera eta 48 metroko garaiera ditu irlak. Txikia eta malkartsua izanagatik, mendiaz nahiz hondartzaz gozatzeko parada eskaintzen du. Ur gardenetan ibiltzeko, bainulariak ontziraleku bakarraren inguruan biltzen dira, irlako tokirik zalapartatsu eta bizienean. Kontxako badiara begira dago, eta albo batean hondartza koskor bat du. Donostiako laugarren hondartzatzat joa, marea behean denean baino ez da agertzen. Nasaren inguruan daude, era berean, zerbitzu nagusiak: udan zabaltzen duten taberna, komunak, dutxak, iturria...
Leku lasaiagoak nahi dituztenek ontziralekutik goranzko bidea hartu eta goialdera jo besterik ez dute egin behar. Bideak, gora egin ahala, badiaren ikusmira paregabea oparitzen du. Landaredia mardulez jantzia, itzalgune freskoak eta egutera epelak eskaintzen ditu irlako goiko parteak. Batzuetan zein besteetan, harrizko mahai eta aulki ugari daude. Ongi bilatuz gero, zoko-moko ezkutuago eta are lasaiagoak ere aurki daitezke.
Gainean, tontorra baino apurtxo bat beherago, itsasargia dago. 1864an piztu zuten lehenengoz eta, 1968an automatizatu zuten arte, hainbat farozainen lantoki eta bizitokia izan zen. Bizkaiko golkoa parez pare, alboan mahaiez hornituriko eremu garbia duela, ikuspegiez gozatzeko leku egokia da. Farozainen lanbide gogorra gogoan, ameskeriatan aritzeko ez da leku txarra. Are gehiago azken farozainaren historia tragikoaren berri izanez gero. Nahi duenak, erraz jasoko du topatutakoaren berri hemerotekan, baita Jesus Mª Palacios eta Iñigo Jimenezek idatzitako Santa Klarako itsasargiko biztanleak (1864-1968) liburuan ere.
Itsasargia aspalditik dago utzita eta itxita, baina aurki berriz emango zaio bizia. Izan ere, Donostiako Udalaren ekimenez, Cristina Iglesias eskultore donostiarrak instalazio artistiko bat ezarriko du bertan. Eraikina barnetik eraberrituta, iraunkorra izango da, eta hemendik urte pare batera zabaldu nahi dute, edonork bisita dezan.
Egun ezagutzen dugun uhartea ez da izan beti horrelakoa, XX. mendearen erdialdetik aurrera hornitu zuten oinarrizko zerbitzuekin. Hots, orduan jarri zituzten, Santa Klara Uharteko Adiskideak Elkarteari esker, irla aisialdirako gune egokia izateko beharrezko azpiegiturak: mahaiak, ur hornidura ziurtatzeko hoditeria hirigunetik (ur gezako berezko iturri bakarra du irlak, Iturri Zaharra), iturri eta dutxak, tabernak (lehen, goialdean beste taberna bat zegoen, baina mende hasieran itxi zuten)… Aipatu elkarteak, 60ko hamarkadan hainbat uhartezalek sortuak, garrantzi handia izan du Santa Klaran, batez ere, esan bezala, beraren ekimenari esker txukundu zelako uhartea, baina ekimen bitxiagoak ere egin izan ditu. Adibidez, urte luzez irlako “alkatea” izendatu izan dute; lehenak, Jose Maria Iturrik, omenezko bustoa du irlako nasan, eta, besteren artean, Santa Klara uharteko himnoaren hitzak idatzi zituen (Francisco Escuderok musikatu zuen). Bestalde, irlako bide batek elkartearen lehen lehendakariaren izena darama: R. Peironcely etorbidea. Hori bai, Donostiako kale izendegian ez da ageri.
Agerikoa da donostiarren artean badirela zenbait uhartezale porrokatu. Inolako balio soziologikorik gabeko inkestatxoa eginda, talde txikia dela ondoriozta daiteke. Txikia, baina fidela. Izan ere, askotariko aukerak eskaintzen ditu Santa Klara uharteak: bainua hartzeko, egonean egoteko, gogoetarako, eguzkia hartzeko, filmak grabatzeko (27 horas eta 80 egunean filmen zenbait eszena bertan grabatu zituzten, adibidez), irailean Kontxako estropadak luxuzko tribuna batetik ikusteko… Donostiako AEK-k ere, urte askoan, irlan ospatu izan du Euskaltzaleen Eguna. Aspertzeko betarik ez, beraz, paradisuan.

Irlara joateko

Txaluparik eduki edota igerilari zaildua izan ezean (Kontxako eta Ondarretako hondartzak gertu daude, eta ez dira gutxi igerian gerturatzen direnak), irlara joateko modurik errazena Donostiako portua eta uhartea lotzen dituen ontzi zerbitzua baliatzea da. 1942tik dago martxan, Julian Isturizek Belmonte izeneko txaluparekin abiatu zuenetik. Orain, haren ondorengoak aritzen dira beharrean. Portutik irlarako zuzeneko zerbitzuaz gain, badian bueltatxoa ematen duena ere badute.
Udako zerbitzuaren (ekainaren 1etik irailaren 30era) ordutegia: 10:00etatik 20:00etara, ordu erdiro edota ordubetero.
Prezioa: 4 euro, joan-etorria.
Informazio gehiago:
www.motorasdelaisla.com/eu


Irlako zerbitzuak
Taberna, dutxak, iturriak, komunak eta, udan, sorospen zerbitzua. Debekatuta dago txakurrekin sartzea, sua egitea eta kanpatzea.