Erresumako koroako perla

uxue

Uxue herrian, denbora geratu egin dela ematen du. Harrizko etxeen eta karriken artean ibiliz, bisitariak historian atzera egiten du, eta kale estuen artean dabilen haizearen zurrunbiloak herriko gertakari garrantzitsuenen berri ematen dio, XVII. mendeko euskaran. Gure urratsek Erdi Arora garamatzate; halaxe bermatzen dute herriko muinoan dagoen Santa Maria eliza-gotorleku ederrak eta bere gibelaldeko gazteluaren arima hilezkorrak. Nafarroako historiako harribitxia da Uxue, gure herriaren iragan ezkutua ezagutzeko aukera paregabea ematen diguna, hain zuzen ere. Arkaitz Almortza Muro.

Nafarroako erdi aldeko mendien artean ezkutaturik dago Uxue. Herrira gerturatu ahala, Tolkienen eleberrietako agertoki batean murgiltzen ari garela dirudi, fantasiek, mitoek eta kondairek bat egiten duten herrixka batean, alegia. Izan ere, herria lehenbizikoz ikusten dutenen irudimenak aise egiten du ihesi fantasiazko munduetara. Normala, Uxuek oso irudi berezia baitu, piramide baten antzekoa: goiko erpinean, eliza-gotorleku ikusgarria eta gazteluaren aztarnak daude; behealdean, berriz, Erdi Aroko herrixka dago.
Herriaren bihotza bisitatu aurretik, komeni da sustraietara jotzea,  arima hobeto ulertzeko. AIZU! aldizkariak Uxueko seme Mikel Burgi ikertzailearen eskutik egin du bidaia, herriko hormek ezkutatzen dituzten sekretuak hobeto ezagutzearren. Historia idatzian Uxue XI. mendean sartu zela azaldu digu. Izan ere, orduko agiri zaharrak herriko Santa Maria gazteluaz mintzo dira. Garai hartan, Nafarroako Antso IV.a Gartzez Peñalengoa erregea hil zutenean, Antso Remiritz izendatu zuten errege, eta men egin zion lehenengo herria Uxue izan zen. Hori dela eta, handik gutxira, agintari hark foruak eman zizkion herriari.
Berriki egindako aurkikuntza arkeologikoek gutxienez bigarren Burdin Aroan kokatzen dute. Antza, III. eta IV. mendeetako hilobiak aurkitu dituzte, baita erromaniko aurreko eliza baten aztarnak ere. Ez da harritzekoa; izan ere, begien bistakoa da bizitzeko leku berezi batean gaudela, Nafarroako erriberak eta mendialdeak eskua elkarri ematen dioten eremuan, hain zuzen.
Herriaren izenari dagokionez, adituek ez dute garbi nondik datorren. Aita Moretek 1660 urtearen inguruan idatzi zuen kondairaren arabera, VIII. mendean, artzain batek uso bat ikusi zuen egun herria dagoen parajean. Halako batean, hegaztia arroka batzuen artean sartu, artzaina atzetik joan, eta Ama Birjinaren irudia ikusi omen zuen. Hortik datorkio, zenbaiten arabera, izena herriari: usotik, Uxue. “Kondairak elezaharrak baino ez dira. Indusketek agerian utzi dute Burdin Arotik jendea bizi zela hemen” azpimarratu du ikertzaileak.
Gaztelua
Uxueren sustraiak ezagutu ostean, herriko muinera joko dugu. Eliza-gotorlekuaren edertasunak aho bete hortz utzi gaitu. Halere, sartu aurretik, eraikina inguratu dugu eta, balkoi gotiko zoragarria igaro ostean, gibelean jarri gara, gazteluko dorre nagusia zegoen lekuan, hain zuzen ere. 1512an suntsitu zuten arren, haren argiak pizturik jarraitzen du. "Iñigo Aritzaren garaikoa dela uste da, hots, islama lurralde honetara iritsi zenekoa” dio Burgik.
Musulmanen izkribuetan, Uxueko Santa Maria gaztelua aipatzen da, Iruñeko Erresumako “garrantzitsuena”. Eremua guztiz estrategikoa da: atzean, Iruñerriko mendiak eta Pirinioak ikusten dira, eta parean Moncayo mendiraino hedatzen diren lurrak. “Errekonkista garaian, paper garrantzitsua izan zuen gazteluak, defentsarako lerroan zegoelako”. 1512ra arte, Nafarroako konkistara arte, iraun zuen zutik.
Eliza-gotorlekua
Gazteluko dorrea zegoen tokitik aldendu eta eliz atarira jo dugu. Aurrez aurre, bi dorre handi ditugu, zeinak garai batean herria babesteko erabili ziren. Atzean, Carlos II.a Gaiztoa erregearen jauregia dugu. Berriki aurkitu dituzten erromaniko aurreko aztarnen arabera, eliza Aritzatarren garaikoa da; halere, oraingoak XI. mendean ditu sustraiak, eta XIV. mendean handitu zuten, egungo gotorleku itxura emanda.   
Hegoaldera begira, XIV. mendeko atari gotikoak egiten dio harrera bisitariari. Erdiko tinpanoan, bi pasarte antzeman daitezke: azpian, Azken Afaria dago irudikatuta, eta goialdean Jaungoikoaren Epifania. “Batzuek diote belauniko dagoen gizona Carlos II.a izan daitekeela”. 
Elizan sartu bezain pronto, hainbat aroren eragina sumatzen da: erromanikoak eta gotikoak bat egiten dute. Esaterako, nabe nagusia gotikoa da, baita alde batetik bestera doazen arkuak ere. Elizaren burua, berriz, erromanikoa da. Hiru absidek osatzen dute, eta erdian Uxueko Ama Birjinaren irudia dago, XI. mendekoa. Ondoan, Nafarroako Carlos II.a erregearen bihotza dago, tailuari begira. “Erregeak bihotza Uxuen utzi nahi zuela idatzi zuen testamentuan”.  
Hamaika bitxikeria gordetzen dituzte elizaren hormek. XIV. mendean, herriak loraldia bizi izan zuen. Besteak beste, Donejakue bidea bertatik pasatzen hasi zen, eta Carlos II.a erregeak erabaki zuen elizako obrak amaitu gabe utzi eta Uxuen unibertsitate bat irekitzea. Zati bat eraiki zuen, baina amets hura bertan behera geratu zen.
Orduak eman ditzake bisitariak elizari so. Aukera badago, eliza babesten zuen dorre nagusira igotzea gomendatzen dizuegu, eraikina hobeto ezagutzeko eta ulertzeko modurik aproposena baita.
Muina bisitatu ostean, herriko karriketan barrena ibili gara. XVIII. mendera arte, euskara zen Uxuen entzuten zen hizkuntza nagusia, eta kale estu guztiek eusten diote haren xarmari. Bitxikeria ugari aurki daitezke nonahi. Mikel Burgik azaldu bezala, gazteluko harriak erabiliz hainbat etxe eraiki zituzten, eta garai bateko harresiak baliatuz beste hainbeste gertatu zelakoan dago.
Eraikin askok izaera berezia dute. Ate nagusiaren gainean, leihotxo bat dute, askotan sukaldekoa izaten zena, eta bien artean harri landua dago. “Gorteatzeko leiho deitzen zieten. Gizon batek andre bat maite zuenean, haren etxeko atarira gerturatzen zen berarekin mintzatzeko, eta goian emakumearen familia egoten zen, zelatatzen” azaldu digu irribarretsu.
Beste zenbait etxetan, berriz, ate nagusiaren gainean sinbolo bereziak antzeman daitezke: eskuinean, izar bat; erdian, gurutze bat; eta ezkerrean, izar bat okertuta. “Izarrek ongia eta gaizkia irudikatzen dute, yin eta yang ikurraren antzera”.
Herriaren edertasunak seko harrapatu gaitu. Berriki, elkarte batek Espainiako herririk politenetakoa izendatu du Uxue. Guk geuk herria bisitatzea gomendatzen dizuegu, karriketan barrena maldan gora eta behera galtzea, Erdi Arorako bidaia ikusgarrian. Ez zarete damutuko! Bidaia on!

Gastronomia
Artzaintzarekin lotuta dago bertako gastronomia. Transhumantziaren garaian, lotura berezia izan zuen herriak Zaraitzurekin, horko abelbide nagusia Uxuetik igarotzen zela eta. Otapurrak dira bertako plater nagusia, guztiz gomendagarriak. Almendra garrapiñatuak ere egundokoak dira. Ezin utzi dastatu gabe! On egin!

Kontuan hartzeko
Herriko historia hobeto ezagutzeko, Mikel Burgiren bloga http://ujue-uxue.blogspot.com.es/ gomendatzen dizuegu. (Gaztelaniaz dago).