Sobrongo arroila, goitik begiratuta

sobron

Sobrongo mendi zintzurreko ferrata bidea inauguratu dutenetik, dozenaka lagun hurbiltzen ari dira, lehenbizikoz, inguru ezezagun horretara. 2016ko maiatzean onartu zuen Añanako Kuadrillak Euskal Autonomia Erkidegoko lehen ferrata bidearen erabilera antolatzeko araudia; aurten, apirilean, inaugurazio ofiziala egin zuten, eta bidearen hiru zatiak adierazteko seinaleak jarri dituzte. Begi kolpe batean Arabako paraje eder honetan murgiltzeko aukera ematen du ferratak, pixka bat sufritu ondoren. Estitxu Ugarte.

Kuadrillak onartutakoaren arabera, ferrata-bidearen erabilera doakoa da, eta edonork egin dezake, dela bere kabuz, dela gidari batekin. Hori bai, jarduera egiten duten pertsona guztiek nahitaezko materiala erabili behar dute: kaskoa, arnesa, mosketoiak eta jaitsiera jauziak leuntzeko tresna. Sobron Aventura herriko enpresa da harrera gunea, non ferrata bide honen gaineko informazioa eskura daitekeen, materiala alokatu eta, nahi izanez gero, begirale bat kontratatu. Bertan dago, gainera, ferrata egin eta gero atseden hartzeko eremu egokia: igerilekuak, parkea, kafetegia, etab.
Sobron Aventurako lagunen hitzetan, ferrata-bide berria asko gustatu zaie azken hilotan gerturaturiko kirolariei: "Desberdina da Sobrongoa; harriek eskuekin eusteko aukera ematen dute eta, horrenbestez, ez dute gehiegi hornitu, grapa gutxi jarri dituzte. Gainera, gailur bat zeharkatzen duen bide horizontala da, eta bi aldeetara begira dago. Oso naturala da”.
550 metroko gailurra
Lantaron udalerrian dago ferrata-bidea, Sobrongo Baños de la Villa urbanizazioaren eta antzinako Hotel Blancoren inguruan, Valposadako bailaran. Ferratak 550 metroko gailurra zeharkatzen du, igoera eta jaitsiera ugarirekin, eta 100 metroko desnibela dago. Hiru zati ditu Sobrongo ferrata-bideak, zailtasunaren arabera: K2, K3 eta K4 (zailena K6 da). Esan bezala, grapa gutxi batzuez eta kable batez hornituta dago. Nahi izanez gero, zati bakoitza modu independentean egin daiteke, edo bide osoa jarraian.  Zenbait tokitan, ferratatik ateratzeko aukera dago. Luis Angel Rojo Gorri alpinista eta eskalatzaile arabar ezagunak atondu du Sobrongo ferrata.
Lehen zatiak 50 metro ditu, eta hasiberrientzat egokia da; ordu erdi inguruan zeharka daiteke. Ibilbidearen zailtasuna progresiboa denez, hau da, gero eta handiagoa, zati horretan aurrera jarraitu ala amaieran dagoen ihesbidetik atera erabaki daiteke. Bigarren zatiak 250 metro ditu, eta gutxi gorabehera ordubetean burutu daiteke. Zati honetan gune bertikalagoak daude, eta oso aireko gailurra zeharkatu behar da. Dena dela, gailur horretara iritsi aurretik, aukera dago ateratzeko, bost metroko rappela eginez. Hirugarren zatiak 250 metro ditu; ordu eta erdi behar da zeharkatzeko. Zatirik zailena da, katuka ibili behar da hainbatetan, eta gailurraren gainetik oso aireko pasabideak igaro behar dira; dena den, aurrekoetan bezala, badago ateratzeko modua. 
Hala ere, ferrata bidea egitera ausartzen ez direnek badute aukera Sobrongo arroila zeharkatzen duen mendi ibilbide paralelo bat egiteko; bederen, lehenengo eta bigarren zatien artean, hirugarrenera ezin da eta oinez iritsi.

Aventura Sobron:
Helbidea: A-2122 errepidea. 48,5. kilometroan (Sobron)
Telefono zenbakia: 945 359016 / 686 98 38 61
www.aventurasobron.com
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Sobron Natura nekazalturismoa:
Helbidea: Herriko plaza 1 (Sobron)
Telefono zenbakia: 676 260 250 / 609 900 403
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
www.naturasobron.com

Durtzi jatetxea:
Helbidea: La presa kalea 2 (Sobron)
Telefono zenbakia: 945 359078
www.hoteldurtzi.com
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Informazio gehiago:
Añana Turismoa
Miguel Diaz de Tuesta plaza z.g.
Gesaltza Añana (Araba)
Tel.: 945 351 386
www.ananaturismo.com