Izturitze eta Otsozelai: harpeetatik iraganerantz

otsozelai

Historiaurreko gizakiaren presentziaren lekuko ditugu Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak. Euskal Herriko iparraldean, barnealdean, Baionatik oren erdira eta Hazparnetik hurbil, Nafarroa Behereko Izturitze eta Donamartiri herrien artean daude harpe ohargarri eta famatu hauek, Gaztelu izeneko muinoaren gainean, zehatzago. Graxi Irigarai.

Lau haitzuloz osaturik (Aldabea, Izturitze, Otsozelaia eta Erberua), bata bestearen gainean, zein bere sakoneran, Paleolitoko aztarna ugari aurkitu ziren, zeinak historiaurreko faunaren, floraren eta, bereziki, gizakiaren bizitzaren berri ematen diguten. Bi, Izturitze eta Otsozelaia, bisitatu egin daitezke, uda osoan, Aritza Villaluenga historialari eta arkeologoarekin batera, euskaraz. Monumentu historiko hau Euskal Herriko historiaurrearen lekuko dugu.
Nahiz eta XIX. mendean fosfatoa erauzteko meategi bat izan zen, XX. mendearen hastapenean ohartu ziren tokiaren garrantzi arkeologiko eta geologikoaz. 1912an hasi ziren indusketak, eta 2012. urtean bukatu. Epealdi hartan eskuraturiko material guzien ikerketak bukaturik, gaur egun argitalpenen garaian gaude. Izturitzen, oraindik ere, hainbat proiektu eta ikerketa egin behar dira, faunari edota geologiari buruzko galderek erantzunik gabe segitzen dute eta. Hala ere, historia aberatsa eta zehatza du harpeak, gizakia luzaroan bizi izan baitzen bertan.
Gune horretako aztarna zaharrenak Izturitze izeneko harpean daude, eta Neandertalgo gizakien arrastoak dira, duela 80.000 urtekoak. Neandertalak asko mugitzen ziren, talde ttipitan, bainan Izturitze haien sisteman zegoen, hortxe topaturiko duela 60.000 urtera bitarteko arrastoek aditzera ematen dutenez. Moustier aroan, neandertalekin batera haragijale handiak izan zirela ere frogatu da; izan ere, lehoien, hienen, otsoen eta, batez ere, leizetako hartzen aztarnak aurkitu izan dira. Azkenekoek, neandertalak desagertu ostean, harpe hauetan jarraitu zuten.
Geroago, orain dela 43.000 urte, gure espeziea, Homo sapiens, iritsi zen Europara, eta Izturitzen aurkituriko aztarnak data horren erreferente dira, hau da, Izturitzeko harpeari esker dakigu noiz iritsi ziren gizaki haiek Europako hego-mendebaldera eta Iberiar penintsulako iparralde aldera.
Homo sapiens-ak etengabe izan ziren, duela 30.000 urtera arte, Izturitzeko harpean. Ondotik, duela 25.000 urte, hegoaldeko sarrera hetsi egin zen, glaziazioaz batera (izotza sarrerako harkaitzen barruan agertu, eta haren indarrak harkaitzak puskatu eta eroriarazi zituen, eta sarrera itxi), eta beste gela batean bizi ziren, Gela Handian, zeina Paleolito bukaerako aztarnategi biziki garrantzitsua den, harpeetako paretetan oraindik ere garai hartako artelanak ikusgai daudenez gero. Orotara, 300 artelan atzeman dira (tamaina txikiko artelanak, uharri edo animalien hezur zapalen gainean sortuak), bisonteak, zaldiak edota oreinak irudikatzen dituztenak. Eta 5 m-ko altuerako habe famatua ere ikus daiteke, non hainbat belarjale, elur orein, jatun eta arrain antzeko baten irudikapenak ikus daitezkeen.
Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak gizakiaren presentzia sistematikoagatik bereizten dira, bertan modu iraunkorrean egon zirela erakusten baitute. Pasagune estrategikoa izan zen, bai Neandertalgo gizakientzat, lehenengo, bai bereziki Homo sapiens-entzat, geroago. Pirinioetatik hurbil (Donibane Garaziko bidea, baina kostaldekoa, har zezaketen mendikatea zeharkatzeko), baita Landetatik ere, hainbat eremutan barrena egin zezaketen gizaki haiek. Horren lekuko da Bordele aldeko, Nafarroa hegoaldeko eta Arabako suharriarekin egindako tresnak aurkitu izana, baita Pirinio erdialdeko antrazita ere, ikatz minerala, alegia. Hala, Otsozelaiko eta Izturitzeko harpeek frogatu dute garai haietako gizakiak 200 km urrunera joaten zirela.
Indusketetan, gizaki haiek egindako tresna, apaindura eta musika tresna ugari aurkitu ziren, batzuk arras arraroak. Bilduma horien erreplikak ere ikus daitezke, harpeen ondoko museoan. Halaber, orduko faunaren eta floraren arrastoak ikus daitezke, antzinako bizimodu hura sesitzen laguntzen dutenak.
Otsozelaiko eta Izturitzeko harpeak, baita ondoko museotxoa ere, martxotik azarora bisita daitezke, gidari batekin batera. Museoak harpeetan aurkitutako hezurdurak, tresneria, apaindurak… ikusteko aukera ematen du, historiaurreko garaiak ulertzeko eta gizakien bizimoldeak irudikatzeko moduan. Muinoaren azalpen geologikoari esker, bertako flora eta fauna zein ziren asmatzen ahalko duzue, historiaurreko kronologia argituta. Gainera, gune arkeologiko paregabeak helburu pedagogikoak ere baditu. Urte osoan, haurrentzako egun bateko saioak eskaintzen ditu, haiek ere historiaurreko oinarriak ikas ditzaten. Tailerren bidez, historiaurreko animaliak zein artelanak ikertzea proposatzen dute, maila eta adin guzietara egokituta.