“Irujorekin eta Olaizolarekin, garesti egon da kontua”

oinatz

Oinatz Bengoetxea (Leitza, 1984), Bengoetxea VI.a pilotaria, estimatua da herrikideen artean, geu lekuko: mundu guztia hurbiltzen zaio Leitzako plazan, zorionak ematera edota aupatzera. Ez da gutxiagorako, buruz buruko bigarren txapela jantzi (Iker Irribarria 18 tantotan utzita) eta ia hiru astera egon baikara berarekin. Aurretik ere baditu maila nagusiko beste hiru txapel: buruz burukoa, Abel Barriolaren aurka lortua, 2008an; binakakoa, Alvaro Untoriarekin batera, 2015ean; eta lau t’erdikoa, 2016an, Jokin Altuna aurkari zuela. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Konpromiso pilo baten artean harrapatu zaitugu, nola daramazu?
Egia esan, nahikoa izan dut, bai. Lagunekin ere egon behar da eta... baina tira, horrela izaten da, eta ongi daramat, konpromisoak edukitzea seinale ona izaten delako askotan; beraz, pozik nago.
Uda hau ez da iazkoa bezalakoa izango...
Espero dut ezberdin samarra izatea. Lehengo urtean, jokoan ez nintzen ondo egon, arazoak izan nituen hatzarekin eta enpresak ere ez ninduen partidu onenetan jarri, baina hura joan zen, eta orain esperantza daukagu uda ona egiteko, partida asko jokatzeko, minik ez hartzeko eta ahal bezainbeste gozatzeko.
Kontratua erraz berrituko dizute aurten...
Ez dut zail ikusten. Uste dut badudala lekua profesional munduan, momentuz, behintzat. Azken denboraldi honekin, pixka bat errazagoa izango delakoan nago.
Enpresek punta-puntako pilotariak edo distiratsu datozen debutatu berriak nahi izaten dituzte. Gero eta zailagoa da hor egotea?
Filosofia aldatu egin da, pixka bat, azken urteotan. Orain dela hamar urtera arte edo, pilotari beteranoak asko egoten ziren, baina kontua aldatuz joan da; beraz, ahal den bezala. Batetik, figurak daude, eta, bestetik, enpresek apustu egiten dute gehienbat pilotari gazteen alde. Niri ongi iruditzen zait.
Enpresek zaintzen dituzte pilotariak behar bezala, ala negozioari begiratzen diote batez ere?
Ez, tratua ona da, ongi zaintzen gaituzte. Azken batean, argi daukat enpresak direla, baina ongi tratatzen gaituzte.
Irabazi dituzun bi buruz burukoak, bederatzi urteko aldearekin, oso desberdinak izan dira?
Bai, garaia ere oso bestelakoa izan delako. Orain dela bederatzi urte, ez zen orain bezala jokatzen pilotan, eboluzioa egon da jokatzeko moduan, bai buruz burukoan, bai lau t’erdian, oro har. Halere, egia esan, ez nuen pentsatzen txapel hau lortuko nuenik. Azkeneko urteotan asko borrokatu ondoren, Juanekin (Martinez de Irujo) eta Aimarrekin (Olaizola II.a) garesti egon da kontua, baina gutxien espero genuenean, halaxe etorri da.
Azken urtea zoragarria izan da zuretzat. Bigarren gaztaroa bizitzen ari zara?
Ez dakit. Momentuz, behintzat, ongi sentitzen naiz, gazte. Aurtengoa izugarri polita izan da, asko gozatu dut kantxan, gauzak oso ondo atera zaizkit eta, bueno, denak laguntzen du. Dinamika positibo horretan egon naiz eta, dinamika hori hartuz gero, ematen du gauzak errazagoak izaten direla.
Barriolari 2008an irabazitakoa kenduta, azken hiru urteotan lortu dituzu beste hiru txapelak. 30 urteak beteta iritsi zara heldutasunera?
Ez daukat dudarik heldutasunak eta esperientziak buruz buruko bigarren txapel hau lortzen lagundu didatela, baina ez dut uste lehenago lortu ez izana heldutasun faltagatik izan denik, baizik eta aurkariak latzak izan direlako eta txapelak irabaztea beti izaten delako oso zaila.
Buruz buruko bi txapel horiek modu ezberdinean hartu dituzu?
Bai, dudarik gabe. Gozoak biak, baina desberdinak, noski. Lehendabizikoa lortu nuenean 23 urte nituen, umea nintzen artean, esaten ahal den bezala. Niretzat ikaragarria izan zen, ez bainuen pentsatzen buruz buruko txapela lortzea. Oraingoa, beraz, beste gauza bat izan da, noski.
Askotan aipatzen duzu presiorik gabe hobeto jokatzen dela. Asko eragiten dizu presiopean jokatzeak?
Ez dut uste pila bat eragiten didanik, baina apur bat beti eragiten du. Azken batean, eskarmentua badugu, eta pilotari bakoitzak bere modua dauka egoerari aurre egiteko. Presioaren aurreko jarrera izaera kontua ere bada. Uste dut horretarako izaera egokia eduki dudala beti, baina orain, agian, hobea. Batzuetan presioa daukagu eta beste ba-tzuetan ez horrenbeste, baina argi dago presioa edukitzeak beti kaltetzen duela.
Iaz, eskuz binakako finaleko beste hiru pilotariak belaunaldi berrikoak ziren, baita irabazi dituzun bi finaletako arerioak ere. Bultzaka datoz?
Bai, bai. Oso indartsuak eta onak dira. Nire aurkari nagusiak beti izan dira Aimar eta Juan, eta pilotari apartak izan dira, la-tzak, historikoak... Ohore hutsa izan da haien aurka jokatzea, beste pilotari batzuk ahaztu gabe, noski. Haiek biak izan dira jokalari handienak, baina beste pilotari asko ere, urte hauetan guztietan, aurkari oso gogorrak izan dira. Oraingo belaunaldi hau txarragoa, behintzat, ez da, oso pilotari onak baitira. Hobeak ez dut esango, baina txarragoak ere ez. Naturaren legea da, baita kirolean ere, bakoitza ahal bezainbeste irauten saiatzea, baina argi dago egunen batean etxera joan beharko dugula.
Datozen gazteak kolokan jartzen ari dira pilotari nafarrek urte batzuetan izan duzuen hegemonia…
Bai, urte askoan nafarrok hor egon gara; orain, berriz, bizkaitarrak eta, gehienbat, gipuzkoarrak oso indartsu daude, baina ez diot garrantzi handirik ematen. Horrela tokatu da, eta kito.
Tokatu da, ala badago zerbait horren atzean?
Bada, dudarik gabe, seguru pilota eskolek izan dutela beren garrantzia. Hala ere, azken batean, pilotari onak lana egin eta prestatu beharra dauka, baina berezkoa ere eduki behar du. Handietako bat izatera heltzeko, berezko hori tokatu egiten da.
Nor ikusten duzu bereziki etorkizun handia izateko moduan?
Tira... argi dago Irribarria, buruz burukoan eta modalitate guztietan, aparta izango dela, dagoeneko bada eta. Jokin Altuna ere oso jokalari handia da, pilotari zoragarria, baina beste pilotari asko daude, atzelariak ahaztu gabe. Artola, Urrutikoetxea, Ezkurdia... Ez dut izen gehiegi eman nahi, denek merezi dutelako errespetu guztia. Ikusiko dugu nork eusten dion  lehenbiziko mailan urteak joan ahala, baina argi dago pilota etorkizunean osasuntsu egongo dela.
Pilotari gazteek lagundu dute ikusle gazteak frontoira eramaten. Ondorioa buila eta zarata handiagoa dela irakurri genion artekari bati. Nabaritu duzu hori?
Ez, egia esan, ez. Azkenean, gaztea frontoian gauza ona da, eta bizipoz hori transmititu egiten da. Dena den, ez dut uste hainbeste aldatu denik, giro hori gu gazteagoak ginenean ere izaten zen. Gaztea beti pasioa izaten da, eta hori ona da pilotarako. Pilotariak 20 urteko mutilak badira, lagunak ere bai, eta gazteak, esan bezala, pasio berezi hori dauka.
Udazkenean beteko dituzu 15 urte profesional mailan. Nabaritu duzu, beste aldaketarik frontoian?
Handirik ez. Gu heldu ginenean, pilota sasoian zegoen, eta jendeari asko gustatzen zitzaion. Urte hauetan guztietan ikusi dut kirol hau oso gustukoa dela, eta horixe da guk nahi duguna; beraz, horretan segituko dugu. Jenderik gabe, gu ez ginateke aurrera aterako, guretzat garrantzitsua da jendea kantxan pozik egotea. Jokoa aldatu egin da, hori bai. Kirol guztietan izaten da bilakaera, eta pilotan ere bai. Orain, airetik eta erasoan gehiago jokatzen da. Agian, joko azkarragoa, esplosiboagoa eta zorrotzagoa da oraingoa eta, ondorioz, ikusgarriagoa. Halere, giroa eta pilota bizitzeko modua ez dut uste hainbeste aldatu direnik.
Artekariek diote gero eta apustu gutxiago egiten dela...
Pilotak oso urte onak izan zituen apustuen munduan, baina krisiaren ondorioz jendeak galdu egin zuen dirua jokatzeko joera. Orain lehen baino dezente gutxiago jokatzen da, baina jokatu jokatzen da.
Barriola, Irujo, Zubieta... Zu baino pixka bat beteranoagoak, motibo ezberdinengatik, pilota uzten ari dira. Urruti ikusten duzu momentu hori?
Pena handia eman dit nirekin urte hauetan guztietan ibili izan diren pilotari horiek, figura handiak eta lagunak, joateak. Denontzat da pena handia, baina azkenean ez dakigu noiz arte egongo garen. Momentuz, behintzat, ongi gaude, baina ez dakigu noiz arte egongo garen horrela edo noiz arte jokatuko dugun ongi. Ni unean unekoa bizitzen saiatzen naiz, eta beste hori, bada, ikusiko da.
Titin III.aren marka (45 urterekin erretiratu zen) hausteko asmorik ez?
Ezta pentsatu ere! Beste bost bat urte egingo banitu, oso pozik egongo nintzateke, polita izango litzatekeelako 20 urte betetzea profesionaletan, baina, bueno, ez dut esan nahi gehiago ere ez nukeenik egingo... Halere, uste dut 38 urterekin erretiratzea egokia izango litzatekeela, lehenago gertatzen ez bada. Izan ere, gorputza zigortu egiten dugu, eta edozein momentutan, beharbada, kexatzen hasiko da...

KOLKOTIK  

Txapelik maiteena?
Lehenbizikoa.
Okerren hartu zaituen arerioa?
Olaizola II.a eta Martinez de Irujo.
Pilota jokoan duzun armarik onena?
Borrokatzeko grina.
Jokatzeko frontoi bat?
Labrit.
Eta partida eder bat ikusteko?
Baita, Labrit.
Kartetan ere galdu nahi ez duten horietakoa zara?
Ez, beti galtzen dut, eta ez zait inporta.
Gogoratzen duzu Labriten debutatu zenueneko partidako emaitza?
Kepa Peñagarikanorekin jokatu nuen, Esain-Pinedoren aurka, eta 22-13 edo irabazi genuen. Partida serioa izan zen, lehenbizikoa izateko.
Hobeto ematen dizu kamiseta gorriak urdinak baino?
Bada, urdin kolorea gehiago gustatzen zait...
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Euskaldunok erabakitzeko eskubidea dugula.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Esnea.
Larunbat gauerako planik onena?
Lagunekin afaldu eta presarik gabe etxera.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Gure hizkuntza izateaz aparte, altxorra dela, hizkuntza berezia.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Normalean, nahiko alai esnatzen naiz, nahiko positiboa naiz, ez dut deus berezirik behar. Halere, asko alaitzen nau hiru urteko semea oraindik tontotuta esnatzen ikusteak.
Zerk ematen dizu beldurra?
Ezerk ez...
Eta amorrua?
Jendeak gaizki hitz egiteak jendeaz, inolako beharrik gabe.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Mendira joan.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ni neu.
Nola, edo non, ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Bada... bizitzaz ahalik eta gehien gozatzen saiatzen.
Bi hitzetan, nolakoa da Oinatz?
Nahiko normala.