Eraberritua dator Lekeitioko Kaleka jaialdia

kaleka

Uztailaren 5etik 9ra, askotariko formatu eta jiteko 35 kale ikuskizun ikusi ahal izango dira Lekeitioko kale eta hainbat gunetan, 28. Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdian. Orotara, bertoko eta nazioarteko 25 kolektibo eta konpainiak hartuko dute parte: Rouge Elea, Wilbur, Pere Hosta, Lekittoko Deabruak, Cair Circo, The Funes Troup… Emanaldiez harago, berrikuntzak dakartza aurtengo jaialdiak. Izan ere, iaz hasitako hausnarketa etaparen ostean, ofizialaz gain beste bi atal berri izango ditu Kalekak: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Sortze edo garatze prozesuan diren lanak bilduko ditu Kaleka Scrath atalak, kutur eragileen, egileen eta hartzaileen arteko truke eremuak eskaintzeko asmoz. Aipatu bi atal horietan aurkeztutako lanetatik abiatutako ekintzak bilduko ditu Kalekaz Blai atalak. Zehazki, urte osoan herritarren parte hartzearekin osaturiko ekintzak izango dira. Ikuskizunez gain, adin guztietarako zenbait tailer ere eskainiko dituzte jaialdiak iraun bitartean. Hainbat ekitaldi herriko eta kultur arloko talde eta eragileekin elkarlanean osatu dituzte. Egitarau zehatza www.kaleka.eus gunean dago ikusgai.


mintzolaXENPELAR Dokumentazio Zentroaren bitartez, euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa diseinatzeko lehen urratsak egin ditu Mintzola Ahozko Lantegiak, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin eta antzerkigintzako beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskarmentua baliatuz, urte eta erdiko prozesuan antzerkiaren alorreko ehun eragilerekin baino gehiagorekin landu dute gaia, haien ekarpenak jasota. Horren emaitza da Mintzolak EHAZEren eskura utzitako txostena, euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa osatzeko abiapuntu gisa balioko duena. Hots, bidea hasteko mapa edo gida baliatu ahal izango dute. Orain, EHAZEk izango du egitasmoa garatzeko ardura. Dena dela, EHAZEn lehendakari Eneritz Artetxek txostenaren aurkezpenean azaldu zuenez, oraingoz ez dute datarik zehaztu proiektua gauzatzen hasteko. Mintzola.eus webgunean eskura daiteke txostena, Ahozko elkargunea ataleko Euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa azpiatalean.

LABURREAN

UZTAILAREN 7an, 8an eta 9an egingo da Kalerki 2017, Zarauzko Kale Antzerki Jaialdia. Hilaren 6an, ostegunez, Anita Maravillas Teatro euskal taldearen Sardiña bakalau lanaren estreinaldiarekin hasiko da. Gainontzeko euskal taldeei dagokienez, Phil Otajolek Mr. Pichichi eskainiko du, Cía. Tornadok Lapur minak, Doos Colectivok El fin de las cosas, Lekittoko Deabruak taldeak Anabasa, eta Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak Sagartu dantza ikuskaria estreinatuko dute. Horiekin batera, nazioarteko taldeak izango dira: Argentina eta Italiako kideek osatutako Teatro dei Piedi; eta Espainiako Recortauro, Matias Zanotti, Yeyo Guerrero, eta Marcos Vargas eta Chloe Brule.

saltsakTXALO PRODUKZIOAK konpainiak Etxeko saltsak komedia estreinatuko du, abuztuaren 18an, Donostian. Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingelesaren Relativity speaking lanean oinarritua, maitale bikote baten eta senar-emazte bikote baten arteko endredoak ditu oinarri. Begoña Bilbaok zuzendua, Aitziber Garmendiak, Mikel Laskurainek, Aitor Fernandinok eta Ane Gabarainek beteko dituzte lau protagonisten rolak (Ane Gabarainen pertsonaia Miren Gojenolak jokatuko du zenbait emanalditan). Abuztuaren 18tik 20ra Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango da. Ondoren, besteak beste, Aretxabaletan, urriaren 6an, eta Azpeitian, azaroaren 11n.