Balerdi Balerdik, galtzekorik ez

balerdi2

Galtzen ikasteko metodoa (Gor) izena jarri dio Balerdi Balerdi taldeak azken diskoari, lanaren edukia laburbiltzen duen definizio ironikoa eta, aldi berean, Pello Lizarraldek idatzitako kantaren izenburua. Hamalau kantu soltek osatzen dute bilduma, baina cd-an agertzen diren ordenan, nolabaiteko zentzu orokorra ematen diote diskoari. Batetik, haurtzarotik zahartzarorainoko ibilbidea garatzen dutelako eta, bestetik, jorratzen dituzten gai batzuk errepikatu egiten direlako: heriotza, ametsak eta etsipenak, norberaren kontraesanak... Gai serioegiak rock and rollerako, tonu ironikoa eta jostaria nagusituko ez balitz. Talde beteranoan aldaketak izan diren arren, hasieratik mantentzen dira Toño (ahotsa eta gitarra) eta Zara (perkusioa eta koruak), eta azken hiru urteotan laukotea osatu dute Pettirekin (gitarra eta ahotsak) eta Anxelekin (baxua). Gotzon Hermosillaren kritikaren arabera (hurrengo orrialdean), emaitza ona izan dute Pettiren riff eta zimikoek.


mikelMARGOLARIA (Elkar) du izena Mikel Urdangarinen azken lanak, musikaren munduan 20 urte bete dituenean kaleratuak. Aurrekoa bakarka aurkeztu bazuen ere, honako honetan berriro itzuli da bandaren babesera: Angel Celada (bateria), Koldo Uriarte (pianoa eta teklatuak), Jon Cañaveras (baxua), Rafa Rueda (gitarrak) eta Nika Bitchiasvili (biolina). Diskoko hamar kantuetatik, zazpi dira oso-osorik zornotzarrarenak, baina Gerardo Markuleta poetak idatzi ditu Itsasoan euria eta Dena nire baitarako; eta Xabier Amurizarenak dira Mendian gora bertsoak, bere garaian Imanolek abestuak, orain bizkaitarren bertsio berrian. Urdangarin gizakiaren baitara begira jarri da kantu hauetan, haren bakardadea argitu, eta bizitza xume eta askea goretsita.

 

semeakEH REPUBLIK
Itziarren Semeak
Baga-Biga, 2017

Taldearen bosgarren diskoak ezkerrera lerrokatutako ska musikaren osagai eta ezaugarriak ditu: erritmo alai eta dantzagarriak (erakarpen azkarreko doinuekin), eta hitz politikoak, dena pozez bustita. Alaitasunaren bidetik doa musika proposamena, eta are urrutiago hitzak: beldurrik gabeko Euskal Herri osoa aldarrikatzen dute. Ska familiaren alboko erritmoak landu dituzte, eta skak, rockak, punkak, rapak eta reggaeak ematen diote batasuna diskoari. Lana osatzen duten hamar kantuen artean, Mungiako Ibilaldikoa ere badago: Egunero alkarregaz.

nirebegiakNIRE BEGIAK
Igor Arzuaga
Hotsak, 2017

Bederatzi abesti sortu ditu egile arabarrak, pianoa lagun bakar. Loezinak eragindako ordu bakartietan eginak, isiltasunean “abestiak izatera helduko diren melodiak” entzuten omen ditu. Halakoetan, doinu horien jatorrira abiatzen da, “eta hitzetan aipatzen ditut hantxe aurkitzen ditudan paisaia miragarriak, aholku lagungarriak edo emozio xumeak, sentimendu zintzoak, alegia”. Horrela, Arzuagak sentipenak trinkotu ditu, hala doinuetan nola poesia kutsu handiko hitzetan. Patxadaz entzun beharreko abestiak, minimalistak eta biluziak, notaz nota, hitzez hitz, isilunez isilune dastatu beharrekoak.