Giza eskubideak

uraEgunero, 1.400 haur hiltzen dira edateko ur faltagatik

Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak datu gordinak ezagutarazi ditu. Hala, Unicefek eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eginiko kalkuluen arabera, munduan, 2013an, 768 milioi lagunek ez zuten edateko ura lortzeko modurik. Horren ondorioz, milaka haur hiltzen dira urtero, gehienak txiroak. Horrenbestez, Unicefek salatu duenez, egunero bost urtetik beherako 1.400 haur hiltzen dira edateko uraren eta saneamendu sare egokien faltak eragindako gaixotasunengatik. Hamar herrialdetan aurkitzen dira ur iturri egokirik ez duten populazioaren bi herenak: Txinan (108 milioi), Indian (99 milioi), Nigerian (63 milioi), Etiopian (43 milioi), Indonesian (39 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoan (37 milioi), Bangladeshen (26 milioi), Tanzanian (22 milioi), Kenyan (16 milioi) eta Pakistanen (16 milioi). Mundu baketsuago, oparoago eta bidezkoagoa lortzeko Nazio Batuek ezarritako Milurteko Garapen Helburuek uraren afera ere aipatzen dute. Ildo horretan, 2010ean xedeetako bat lortu zen: munduko biztanleen % 89k edateko ura lortzeko aukera egokiak izatea. Halaber, urte berean, edateko uraren eskuragarritasuna eta saneamendu sarea egokiak izatea giza eskubidea dela adierazi zuen. Haatik, beste hainbat giza eskubideren antzera, urruti dago erabat betetzetik. Unicefeko nazioarteko ur programez arduratzen den Sanjay Wijesekerak esan duen moduan, “haur, emakume eta gizon guztiek edateko ura lortzeko sarbideak eta saneamendu azpiegiturak lortu arte, munduak ez luke atsedenik hartu behar, giza eskubidea delako”. Hala bedi!