Betikoa eta desberdina

balerdiGaltzen ikasteko metodoa
Balerdi Balerdi
Egilea editore, 2017

Fan fan oso fan abestian, zale sutsu bakar bat dutela diote, baina nik ziurta dezaket Balerdi Balerdik fan amorratu bat baino gehiago dituela. Are gehiago: zale multzo batek Balerdi Balerdi du talde kutuna, eta txeraz eta abegi onez hartzen ditu taldearen disko berri guztiak. Pertsona horiek ez dute nahigaberik hartuko bandaren bosgarren lan honekin, Balerdi Balerdiren betiko ezaugarriak aurkituko baitituzte hemen: pop sentsibilitatea, melodia distiratsuak, Toño Muroren ahotsa... Baina berrikuntzak ere badakartza Galtzen ikasteko metodoa honek. Izan ere, taldean aldaketak gertatu dira, ohiko taldekideei Petti kantari eta musikari beratarra batu zaie, adibidez, eta esango nuke haren eta Muroren gitarrek inoiz ez bezalako trinkotasuna ematen diotela Balerdi Balerdiren soinuari. Iruñea motor city kantako riff gihartsuak, kasu, erakusten du taldearen power popak orain gehiago duela power-etik, pop izateari utzi gabe.
Gotzon Hermosilla