Mikel Etxaburu

etxaburuTxoriak etortzen ez diren lekua (Alaine Agirre, Erein, 2017): ospitale psikiatriko bateko egonaldiak sorrarazitako gogoetak eta bizipenak biltzen ditu poema liburu soil eta erritmo arinekoan. Amets elbarrien adierazpen bizia, finean, giltzez itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko balio duen sentimendu sorta.
Erleak, satorrak, beleak (Gaizka Sarasola, Edo, 2017): hiru antzerki testuz osatutako liburua (Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka). Arrakalaz jantzitako ispilua balitz bezala, errealitateari zorrotz eta estu begiratzen dio egileak. Gure nahi eta ezinek askatu nahi lituzketen korapiloak biltzen ditu teatro testu aberasgarri bezain berritzaile honetan.
Atoiuntzia (Edorta Jiménez, Susa, 1990): bederatzi ipuin eta epilogo batez hornitutako liburua, etengabeko naufragio kolektiboaren kronika fina eta landua. Bidenabar, nire literatur ibilbidearen maratiletako bat ere izan zen. Itsasoa barnean daramagunontzat aproposa da, ur azpietan igeri egiten saiatzen garenontzako zakatza.