Asier Osinalde Vidalen opera prima, kalean

vidal

Idazle donostiarrak Baina ez lukete han egon behar (Erein) izena jarri dio bere lehen liburuari, eta argi azaldu du izenburuaren zergatia: “Liburuko hamabi ipuinetako pertsonaiak harrapatuta daude aurreikusten ez zuten egoera batean, eta ez dakite horraino patuak, kasualitateak, hartutako erabakiek... zerk eraman dituen, baina, agian, ez lukete hor egon behar”. Narrazio guztietako pertsonaiak arruntak dira, orekari eusten eta aurrera egiten saiatzen diren pertsonak, beren beldur, itxaropen, sekretu eta guzti. Ezaugarri horrek lotzen ditu, besteak beste, berez ipuin solteak direnak. Halere, hiru elementu kontakizun guztietan errepikatzen dira: argazkiak, ispilua eta begiak, guztiak ere kanpokoaren eta barrukoaren arteko muga edota zubi. Izan ere, “ikusten denetik ikusten ez denerako bidaia intimoa” da ipuin bilduma hau, “azaletik muinerako bidaia, barruan gordetzen delako benetan inporta zaiguna”, adierazi du Osinalde Vidalek liburuaren aurkezpenean.


surfSURFLARIA ETA PARADISUA (Salbera argitaletxea) liburua kaleratu du Iñigo Fernandez Ostolazak (Orio, 1974), "surfari buruz euskaraz idatzitako lehen liburua, nahiz eta aurretik badiren artikuluak, gida bat eta liburu euskaratu batzuk”. Itsas kirol honen garapen eskasari buruzko ikuspegi kritikoa agertzen du liburuan, surfa egiten mendeak zeramatzaten indigena hawaiiarrak gogoan: “Hamarkada gutxi batzuetan, gizon zuriek zeharo eraldatu zuten surfa. Orain, taula hobeak ditugu, neoprenoak, autoak eta errepideak, itsas iragarpenak, hegazkinak… Ordainetan, porlanez bete ditugu hondartzak eta itsasadarrak, surflari gehiegi dabil nonahi, eta ez gara antzinako indigena hawaiiarrak baino zoriontsuagoak”. Fernandez Ostolazak literatur ikuspuntutik landu du gaia, han-hemengo idazle askoren erreferentziak aipatuta.

 

 

 

zakatzakAZKEN ZAKATZAK
Martxel Mariskal Balerdi
Susa, 2017

Beti Mugan, Lisabö eta beste musika  talde  batzuentzat  idatzitako kantuen hitzei esker ezagutzen genuen Mariskalen ahotsa. Liburu honen konposizio barrenkorrak, baina, zabaldu egin digu bere indar adierazkorraren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa.  Itsasoa eta oinazea, bi horiek dira Mariskalen lehen poema liburuak dakartzan gai askoren arteko nabarmenenak: bizi baldintza zailen aurreko ahaleginak eta nekeak; eta edertasunaren aurreko atsegina eta ikara.

 

telleriaTELLERIA ETA GERO, ZER?
Ernesto Prat Urzainki
Elkar, 2017

Sarako gaztetxeko kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrolarekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat aurkituko ditu Lurrak, obra hondakinen artean. Misterioa, gainera, korapilatu  egingo da Baztanen, herritarren nahiaren kontra egin nahi duten hirigintza plan erraldoiarekin. Hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: kontrabando arkeologikoa, psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak...