Txoriak etortzen ez diren lekua

kritikaAlaine Agirre
Erein, 2017

B2 maila

Alaine Agirre Garmendiaren lehenengo poema liburua da Txoriak etortzen ez diren lekua. Hogeita hamahiru poema: batzuk laburrak, beste batzuk luzexeagoak, denak sekulako erritmo eta gordintasunez idatziak.
Idazleak ospitale psikiatrikoan egin izan dituen bi egonaldi latzetan idatzitakoen emaitza ederra da lan hau. Lehenengo egonaldian, mekanikoki idatzi zituen testuak (beharrizan batek bultzatuta); bigarrenean, berriz, aurrekoak moldatu eta poema gehiago erantsi zituen (bestelako beharrizan batek bultzatuta). Horrela sortu zen “poemak ez diren poemak”  (Agirreren hitzetan) biltzen dituen lan hau. Bada, egia da, ez dira poemak, baina ez kategoria horretara heltzen ez direlako, baizik eta beste kategoria bat delako: barrutik ateratzen den hori, poesia eran emana.
Itxita dauden ateak, giltzak, komunak, korridorea, patioa, zigarroak... ezinegona (ezin-neu-egona) dira txoriak etortzen ez diren leku horretako, desleku horretako, protagonistak. Dena den, gezurra dirudien arren, umorea eta itxaropena sumatzen dira hitzen arteko zirrikituetan.
Merezi du irakurtzea. Azken batean, denok daukagu “jeneral karlista” bat ataizean; denok daukagu “kartzela txiki itogarri bat” barruan; “kalea delako dagoenik eta psikiatrikorik handiena”. Batez ere, Alaine Agirrek irakurtzeko erraza egin duelako bizitzeko hain zaila izan behar dena.
Igor Elordui Etxebarria