‘Osagaiz.eus’ osasun zientziei buruzko aldizkaria sortu dute

osagaiz

Osasun arloan euskarazko aldizkari zientifiko baten falta sumatzen zutenez, Osagaiz.eus sareko aldizkaria sortu dute UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin. Osasun zientziei buruzko zientzia artikuluak argitaratzea du helburu, bai eta ikerketa taldeen lanak euskaraz ezagutaraztea ere. Finean, osasun ikerketak zabalduko ditu, arloko profesional euskaldunen arteko elkar ezagutza eta elkarlana bultzatzeko, betiere osasun alorrean euskara sustatzeko asmoari jarraiki. Artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza lanek izango dute lehentasuna aldizkarian. Honako atal hauek ditu: Editoriala, Artikuluak (jatorrizkoak eta ebaluazio prozesuak igaro dituztenak), Dosi txikitan (artikulu motzagoak biltzeko), Kritikoki aztertutako testuak eta Farmazilarien txokoa. Urtean bi zenbaki argitaratuko dituzte, doan. Lehenengo zenbakia jada sarean irakur daiteke.


telegramAIZU!ren irakurle finenak konturatuko ziren honezkero, baina komeni da ez ahaztea: badira zenbait aste AEKren Telegram kanalean aldizkari honetako Galde debalde? atalaren edukiak argitaratzen ditugula. AIZU! aldizkariko Ez da hain fazila gehigarriko atala da Galde debalde?, eta bertan, hilero, AEK-ko hizkuntza adituek irakurleek euskarari buruz egindako galderak eta azaldutako zalantzak argitzen dituzte. Orain, astero (asteazkenero, zehazki), atal horretako lagin bat plazaratzen du AEK-k. Ez al zenekien? Bada, segi bizkor AEKren Telegram kanalera: telegram.me/AEKeus.

 

LABURREAN

elhuyarELHUYAR Fundazioak berritu egin du euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak gailu mugikorretan kontsultatzeko lehendik zuen aplikazioa. Hala, on line bertsioa ez ezik, offline bertsioa ere doakoa izango da aurrerantzean (lehen ordaindu egin behar zen). Euskarazko hitzen gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko ordainak (eta alderantziz) kontsultatzeaz gain, hitzak nola ahoskatzen diren ere entzun daiteke aplikazioari esker. Android zein iOS sistema eragileetarako eskura daiteke, GooglePlayn eta AppStoren, hurrenez hurren.



eresbilAURTENGO udan Euskal Herrian egingo diren musika eta dantza jaialdien gida eta mapa sareratu ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Euskal Herri osoko jaialdiak batu ditu, musika estiloa edozein dutela ere. Mapan kokatzearekin batera, jaialdi bakoitzari buruzko azalpen laburrak ere eskaintzen ditu gidak. Helbide honetan kontsulta daiteke: www.eresbil.com/sites/berriak/eu/.