Zurea, gure

Aurreko batean, ‘gure’ gailu elektronikoen jabetzaren gaia ekarri genuen lerrootara. Telefonoak, erloju ‘adimendunak’, telebistak, autoak, sukaldeko tresnak... gero eta gailu gehiago dabil Internetera konektatuta.
Interneterako konexio horrek eragin bitxia du gailuotan: gailu, tresna, objektu izateari utzi, eta zerbitzu bihurtzen dira. Erosten duguna ez da tramankulua bakarrik, harekin lotutako softwarea eta datu jarioak ere eskuratzen ditugu eta. Horrenbestez, gailua, objektua bera, zerbitzua eskaintzeko bitarteko bat besterik ez da; hala, nahiz eta haren truke (asko-txo) ordaindu dugun, ez da guztiz gurea, zerbitzu emailearena baizik. Jokaldia biribila da, onartu beharra dago: honelako edo horrelako enpresari dirutza ordaindu haren produktu bat etxera ekartzeko... eta, finean, produktu hori enpresarena izaten jarraitzea.
Horren ondorio dira, besteak beste, IKT alorreko enpresa askoren konponketa eta zerbitzu tekniko politika zurrunak. Apple gailuen jabeek, adibidez, enpresak berak baimendutako saltokietan baino ezin dituzte konpondu trepetak, matxuraren bat gertatuz gero. Erabiltzaileen datuen segurtasuna, gailuen diseinua kopiatuko dieten beldurra, konponketen kalitatea ziurtatu nahia... aitzakiak aitzakia, gauza da Kaliforniako enpresak berak aukeratutako denda horiei baino ez dizkiela saltzen bere gailuak konpontzeko beharrezko tresnak. Gailuak ere diseinatuta daude, noski, tresna oso zehatz batzuekin ireki eta maneia ditzaten. AEBetan, Apple eta beste hainbat enpresa teknologiko sutsuki borrokatzen ari dira ez dadin aurrera atera “gailu digitalak konpontzeko eskubidea” deritzon lege egitasmoa.
Antzeko gerra dago inprimagailuetako kartutxoekin, klasiko horiekin.
AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi du patenteek ezin dutela mugatu zer egiten duen gailu baten erosleak erositakoarekin (kasu honetan, kartutxoa bere kabuz birkargatu). Salbuespen batekin, ordea: erositako horrek barruan softwarea baldin badarama, orduan software hori egilearena da, ez eroslearena. Jakina, Gauzen Interneten aroan, gero eta gauza gehiagok daramate softwarea barnean, beraz, gero eta gutxiago dira erosi eta geure-geuretzat jo ditzakegunak.

Joxe Rojas