Keu Agirretxea, behe presioaren erdigunean

keu

Hala jarri dio izena Ondarroako musikariak bere azken lanari: Behe presioaren erdigunean. Hain zuzen ere, diskoa presiopean eta denboraz juxtu burutu duela adierazi du egileak, familiak, beharrak eta beste hainbat proiektuk utzi dioten tartean. Gainera, etxean grabatu eta nahastu du diskoa. Hutsunea, oroimenak, elkartasuna... dira berak eta beste hainbat lagunek (Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Eneko Garmendia eta Aiert Goenaga)  idatzitako bederatzi abestien gaiak. Keuren gitarrari laguntzeko, diskoan parte hartu duten lagun musikariak ere ez dira gutxi izan: Xabi Solano (programazioak), Eneko Mobydick (ahotsa), Isusko Ramon (saxoa), Esteban Valcarcel (tronpeta), Carlos Noain (sintetizadoreak)... eta Mikel Arakistain (baxua), aspalditik eta proiektu ugaritan alboan duen laguna. Emaitza: country eta bossa ukituak dituen pop-folk diskoa. Abenduan hainbat kontzertu eskainiko ditu ondarrutarrak: 5ean, Aretxabaletan; 6an, Durangon; 27an, Mutrikun; eta 28an, Urretxun.