Performance bat

julenJulen Gabiria

Artea, hitz hori. Nahita ere, ezin hemen definitu zer den, zer kabitzen den hitz horren barruan; besteak beste, bertan kabitzen dena ez baita kabitzen zutabe honetan. Konparazio baterako, komunikabideetan “artista” hitza entzun izan dudan azken aldietan, nahiko maiz, gainera, pilotari bati erreferentzia eginez entzun izan dut, baina ez hainbestetan, adibidez, idazle edo musikari bati buruz aritzeko, bitxia badirudi ere.
Edonola ere, munduak badu artearen inguruko nolabaiteko adostasun kanonikoa, edonork esango baitizu Picassorena artea dela, nahiz eta gero adostasunak lausotzen eta desadostasunak trinkotzen hasten diren, zenbait egile, estilo edo garairi buruz ari garenean. Antzeko zerbait gertatzen zait niri arte garaikidea deritzon horrekin: sarritan, interesgarriagoa egiten zait proposamen artistiko baten alde teorikoa, sormen lana bera baino. Egilearen asmoa, egilearen emaitza baino.
AP-8ko biolinista ikusi nuen lehen aldian, aldiz, nire baitako adostasuna erabatekoa izan zen: performance haren alde estetikoak zaplaztekoa jo zidan aurpegi erdian, eta ekintzaren asmoa ere biribila iruditu zitzaidan. Adituek sutara botako naute, baina zirrara sentitu nuen, eta zenbait kilometroz buruan bueltaka izan nituen gogoeta batzuk: esate baterako, daramagun abiaduragatik ezin dugunez entzun biolinaren doinua, zalantza sortzen da gizon hori benetan musika jotzen ari ote den, eta, jotzen ari bada, zer zentzu duen bere musikak; jotzen ari ez bada, ostera, zer zentzu duen bere besoaren mugimenduak. Bestetik, zenbait galdera: gizon horrek ez al du irudikatzen gizartea bera, non denok ari baikara geuretik, geuretzat eta geuri buruz mintzatzen, inork besteari entzun gabe? Edo ez al zaigu aurpegiratzen ari gure kotxearen eta bere presentziaren arteko espazio laburrean bi mundu oso desberdin gurutzatu direla une batez? Edo, besterik gabe, esaten ari zaigu, errepide ertzekoa bera izan beharrean Marina Abramović izango balitz, orduan bai, galdera horiek guztiek zentzua izango luketela, inork ez lukeelako zalantzan jarriko zer den artea eta zer ez.