Zelebrekeria

loGimnasiora, lotara

Ariketak egin eta egin, izerdi patsetan amaitu arte? Gimnasioetan halakoak egiten dira eskuarki, baina ez du zertan beti horrela izan. Ez, behintzat, Erresuma Batuko David Lloyd gimnasio katean. Izan ere, napersice izeneko jarduera eskaintzen hasi dira: 60 minutuko saioan, lehen 15 minutuetan luzatze ariketak egiten dituzte, eta ondorengo 45 minutuak ohe batean lo ematen dituzte (nap eta exercise hitzen elkarketatik dator berba; ingelesez “siesta” eta “ariketa”, hurrenez hurren). Ondorioz, napersice delakoa egiteko aretoan oheak, lotarako mozorroak eta giro egokia sortzeko soinuak izaten dituzte. Aretoko tenperatura ere zaintzen dute. Esperimentu fasean dago jarduera, eta, batez ere, gurasoentzat sortu dute. Zehazki, ume txikiak izanda, lo gutxi edo gaizki egiten duten gurasoentzat. Izan ere, katearen gimnasioetan egindako inkesta baten emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi: guraso zirenen artean, % 86k onartu zuten gaizki egiten dutela lo. Nolanahi ere, interesa duen orori zabaldua dago napersice jarduera. Oraingoz eta, esan bezala, esperimentu fasean dagoenez, doan eskaintzen dute, eta gimnasio bakarrean. Hala eta guztiz ere, arrakasta izan du, itxaron zerrenda baitute. Kontuan hartuta gaizki edo gutxi lo egiteak osasun arazoak sortzen dituela eta, hainbat ikerketaren arabera, ekonomian ere eragina duela, ez da harritzekoa hain harrera ona eduki izana. Nork ez du laket kuluxkatxoa egitea? Hori bai, nahiz eta gimnasioan egin, jarduera fisikoa deituko zeniokete?