Azpeitia

azpeitiaEuskara eta herritarrak, bisitariak erakartzeko ardatz

Turismo eredua hizpide eta ika-mika iturri bihurtu da azkenaldian Euskal Herrian. Batez ere, turisten masifikazioa agerikoa den lekuetan, Donostiako hirigunean, kasu. Azpeitian ere, turismoa erakartzeko asmoa dute. Haatik, eta leku masifikatuetan gertaturikoaz jakitun, bestelako eredu bati heldu diote azpeitiarrek: herriaren nortasuna hartu dute oinarri. Hala, euskara eta herritarrak erdigunean jarrita abiatu  dute Azpeitibizi egitasmoa. Hots, Euskal Herriko eta kanpoko bisitariak erakartzeko euskara, kultura eta herritarrak amu dituen egitasmoa. Proiektuaren lehen fasean, webgune bat (www.azpeitibizi.eus) eta aplikazio bat sortu dituzte. Bertan, ohiko informazioa bildu dute, baina modu bereziagoan eta arestian aipaturiko oinarriak ardatz hartuta: hainbat azpeitiarren bizipenak jasotzen dituen bideo sorta; Azpeitiko ondarea jasotzen duten postal literarioak; herrian eta inguruan egin daitezkeen ibilbideei eskainitako atala; lo egiteko, jateko eta edateko ostatuei buruzko atala; agenda; oinarrizko zerbitzuak... Azken batean, herritarrak protagonista bihurtuta eta euskarari balio erantsia emanda, turismoa erakarri nahi dute Azpeitira. Hori bai, masifikaziotik urruneko berariazko eredua sortuta.