Bitxikeria

kalimotxoKalimotxoaren museoa zabaldu nahi dute Algortan

Jende gutxiri egingo zaio ezezaguna kalimotxoa, ardo beltza eta Coca Cola nahasten dituen edaria. Kalimotxoaren jatorria, ordea, ez da horren ezaguna. Bertsio hedatu baino hedatuago baten arabera, Algortan sortu zuten, 1972ko abuztuaren 12an, Portu Zaharreko jaietan. Garai hartan, txosna bakarra ipintzen zuten. Urte hartako festetan, Antzarrak taldeari zegokion txosnaren kudeaketa. Antzarrakoek 2.000 litro ardo erosi zituzten, eta plastikozko botiletan gorde. Beroak, ordea, ardo guztia hondatu zuen. Hondamendiari irtenbidea eman nahian, ardoa Coca Colarekin nahasi zuten eta, hara non, arrakasta izan zuen. Kuadrilla hartako biren ezizenak Kalimero eta Mortxongo izaki, bi izengoitiak batuta jarri zioten izena edabeari: kalimotxo. Txosna portu Zaharreko Etxetxu izeneko eraikinaren arkupeetan zegoen. Ondorioz, eraikin berean zabalduko dute Kalimotxoaren museoa Algortako bi gaztek, Iñaki de la Torrek eta Nacho Ugartek, hain zuzen. Museoa eraikinaren beheko solairuan egonen da, eta goiko aldekoak erabiliko dituzte turistei ostatu emateko. Kalimotxo kontuak ez ezik, Portu Zaharreko beste hainbat kontu ere ezagutzeko balio izango du museoak. Izan ere, Etxetxu eraikin historikoa da. Besteak beste, Getxoko udaletxea eta arrantzaleen kofradia bertan egon ziren. Egun, etxea egokitzeko lanean ari dira. Eraikin babestua izanik, nahi baino mantsoago dabiltza. Hala, museoa 2018an zabaltzeko asmoa agertu dute sustatzaileek.