EHE

ehe‘Euskaraz Bizi’ Egunak jaia eta Aldarrikapena eramango ditu Gasteizera

“Euskaldun eta euskaltzale oro euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko apustuan sakontzeko”, egitarau zabaleko eguna burutuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek Gasteizen apirilaren 5ean, V. Euskaraz Bizi Egunean. Egun osoz, Ez gara espaloitik jaitsiko! leloa ardatz, hainbat ekitaldi izango dira Gasteizko hirigunean, hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean garaturiko lanari esker. 11:00etan, Porrotx pailazoak emango dio hasiera egunari, Matxete plazan txupinazoa botata.  14:30ean, herri bazkari erraldoia eginen dute Landatxon, animazio eta guzti. Arratsaldean, nazio manifestazioa egingo dute Gasteizko kaleetan barrena, 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Azkenik, 20:00etatik aurrera, Dantza Plaza, Tximeleta eta Gose taldeek kontzertua eskainiko dute Landatxon. Nolanahi ere, ekitaldi horiez gain, beste hainbat jarduera eta ekintza izango dira egun osoan: kale animazioa, herri kirol erakustaldiak, artisauen azoka, haurrentzako jolas eta tailerrak, erakusketak, eskalada topaketak, akelarrea... Denak ere mezu argia ezagutarazteko xedearen bueltan:  “Norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugula Euskaraz Bizi Eguna”. Zentzu horretan, iazko edizioko leloari (Ez zaitez espaloitik jaitsi!) jarraipena eman nahi izan diote aurten, Ez gara espaloitik jaitsiko! bihurtuta. Hala, apirilaren 5ean, Gasteizeko espaloiak izango dira aldarri horren lekuko.