Ikastaroak

ueuUEUren udako ikastaroetan, bada zer eta non aukeratu!


Dagoeneko zabalik da UEU Udako Euskal Unibertsitatearen 45. Udako Ikastaroetan izena emateko epea. Elkar ekin lelopean egingo dituzte aurten, udako ikastaroak elkarlanean antolatzen dituztela eta jakintza berriak sortzen direla azpimarratzeko asmoz. Aurten, guztira, 35 ikastaro eta jardunaldi antolatu dituzte, gai eta formatu ugaritakoak. Formatuari dagokionez, ikastaro espezializatuak, dibulgazio ikastaroak, garapen pertsonaleko ikastaroak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte. Gaiei dagokienez, berriz, gizartean pil-pilean daudenak landuko dituzte, hainbat alorretan: giza zientziak eta artea, gizarte zientziak, ingeniaritza eta teknologia, eta osasun zientziak eta zientziak. Ikastaroak ekainean eta uztailean izango dira, Iruñean, Eibarren eta Baionan, nagusiki. Bilbon, Usurbilen, Donostian eta Beran jardunaldi bana egingo dute. Eskaintza guztia www.ueu.eus helbidean ipini dute xehe-xehe, eta bertan egin daiteke, halaber, matrikula. Parte hartzaileek jaso ditzaketen diru laguntzei buruzko informazioa ere webgunean dago.