Araba

harria36ko gerrako aztarnak argitara

Espainiako gerrako bi gotorleku errepublikanotan indusketak egin ditu, maiatzean, EHUko arkeologo talde batek.  Zigoitia herrian daude, Ketura izeneko parajean. Indusketak ikerketa zabalago baten parte dira. Modu integralean aztertuta, gerra posizio horien azterketa eta dokumentazioa osatuko dute, bai eta haien garrantzia nabarmenduko ere. Gainera, sendotze eta egokitze lanak ere egin dituzte, jendeak bisitatzeko moduan egon daitezen. Izan ere, indusketaren arduradunek azaldu dutenez, “forma karratuko eta zementuzko bi gotorlekuek defentsa sistema txiki baina interesgarria osatzen dute”. Besteak beste, 1937ko jatorrizko grafitiak ikus daitezke bertan. Grafitiotan eraikitze data (Marzo-10-1937), destakamentu militarra (Batallón Madrid) eta zenbait izen-abizen (Pablo Mendieta, Fidel Fernandez eta abar) ageri dira. Mailuaz eta igitaiaz osaturiko ikur komunista ere ikus daiteke. 1937an eraiki zituzten bi gotorlekuak, Legutioko Guduaren ostean. 1936. urtearen amaieran faxisten kontra egindako erasoaldi hark ez zuen arrakastarik izan, eta, ondoren, bi aldeek jarrera defentsiboa hartu zuten, frontea gotortuz. Testuinguru horretan eraiki zituzten joan den maiatzean azterturiko bi gotorlekuak. Azterketa lan horiek guztiak Paisaia ahaztuak 1936-1937 programaren parte dira, zeinak xede duen 36ko gerrako arabar frontea dokumentatzea eta zabaltzea.