Irakaskuntza

Txiki zein handi, eskola publikoak urteroko festak ospatzeko prest


josiarroaMurrizketen kontra eta baliabide gehiagoren eske, greba egunak izan dituzte azkenaldian irakaskuntza publikoan. Halere, festarako tartea ere hartuko dute ikasle, irakasle, guraso eta gainontzeko eragileek. Izan ere, ekainaren 4an, Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaia egingo dute Gasteizen. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolatuta, Josi ta josi lelopean egingo dute. Lelo horren bitartez, antolatzaileek azpimarratu nahi dute euskal eskola publikoak elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua eraikitzen duela, aniztasunak eskaintzen duen aberastasunetik abiatuta. Hala, aldarriari jaia gehituko diote, egitarau zabal baten laguntzarekin. Ekainaren 11n, berriz, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute, Zestoako Arroa Behea auzoan. Txikiak izanagatik bizirik daudela aldarrikatuko dute egun horretan, eta, bizirik dauden heinean, herri txikiei arnasa ematen dietela. Jai baten zein bestearen xehetasun guztiak jaso nahi dituenak www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus/ eta eskolatxikiak.eus/ webguneetara jo dezake.