Kirola egitea baino, jatea gustatzen zait

iturrietaZigor Iturrieta, sukaldaria eta mendi korrikalaria
2015eko otsailetik, ETB1eko Txoriene sukaldaritza saioa aurkezten du Iturrietak (Euba, 1974). Leioako Ostalaritza Eskolan ikasia, sukaldari ezagun askorekin lan egin izan du, baita catering enpresa batean ere. Kirolari porrokatua da: duatloi eta triatloiak egiten hasi ostean, pixkanaka mendi lasterketetan parte hartzen hasi eta, 2009tik, mendi korrikalari dabil, palmares txukuna duela. Chiloe bidaia saioaren denboraldi berria grabatzen aritu izan da azkenaldian. Ekainean estreinatuko dute, eta bidaiak, lasterketak eta gastronomia kontuak uztartuko ditu.

Zer izan zen lehenago: sukaldea edo mendia?
Mendia. Txikitan nahiko berezia omen nintzen, 6 edo 7 urterekin ikastolatik piper egin eta mendira joaten nintzen. Han, bakarrik ibiltzen nintzen. Mendia izan da nire jolaslekua, eta penak eta denak mendian kanporatu ditut.
Zergatik aurkezle, sukaldari ona zarelako ala berritsua zarelako?
Bigarrena, noski. Korrika ari ginen batean, entrenatzen, kontu kontari, Beñat Ormaetxea sukaldariak eman zidan castingaren berri: “Patata tortilla bat egin behar da, eta ordu erdiz isildu gabe egon. Hau hiretzako duk!”. Halaxe izan zen: joan nintzen, patata tortilla erre egin zitzaidan, baina ez nintzen isildu ere egin. Antza, gustuko izan zuten, eta hantxe nago harrezkero!
Bosgarren urtea du Txorienek, eta jarraituko du. Zein da arrakastaren gakoa?
Jendeak ez dakiela zer aurkituko duen. Saio bakoitzean, gonbidatu bat izaten dugu, aldatuz joaten dira. Sukaldea, azkenean, aitzakia da; kontua da bi lagun elkartzea, janaren inguruan, eta solasaldia egitea. Denetariko gonbidatuak etortzen dira, nor bere kontuekin, denek dute-eta zer kontatu. Saiatzen gara ordubetetxo entretenigarria eskaintzen, kontu kontari. Jana tartean egonda ere, ondo ateratzen da.
Zer du sukaldaritzak hainbeste jende erakartzeko?
Modan dago. Gaur egun, sukaldari entzutetsuak izar bilakatu dira. Telebistan, nik uste kate guztiek daukatela sukaldearekin lotutako zerbait. Bitxia da: etxean inoiz baino gutxiago kozinatzen dugun garaiotan, sukaldaritza modan dago.
Kirolariak egiten al dio kasu sukaldariari?
Teoria oso ongi dakit, zer jan beharko nukeen eta; kirola egin ostean etxera iristen naizenean, ordea, hozkailua dardarka hasten da. Beti esaten dut: orain egiten dudan kirol hau hain luzea da gero nahi dudan guztia jan dezakedalako. Uste dut kirola egitea baino, jatea gustatzen zaidala, hori bai dela nire benetako pasioa. Zoritxarrez, nire burua zaindu behar izaten dut, kiloak erraz hartzen ditudalako. Kirola eginda, badaukat aitzakia pixka bat gehixeago jateko.
Saio berrian, zaletasun guztiak batuko dituzu: kirola, bidaiak eta gastronomia. Gustura?
Oso, izugarri gustura. “A zer pagotxa!” esan ohi didate. Munduan zehar ibili gara, eta bai, aukera aparta da, egia esan. Toki pila bat ezagutu, lasterketak egin, tokian tokiko gastronomia ezagutu... baina lana ere bada. Gu ez gara joaten denbora pasa; goizetik gauera, 12 ordu egoten gara kamera gainean, batera eta bestera grabatzen. Nekagarria da, noski, baina oso aberasgarria ere bai.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Semearen irribarreak.
Eta tristatu? Negarrak.
Zerk eragiten dizu barrea? Normalean, barrez ematen dut egun osoa. Umore faltan ez nago. Egun batean, Txorieneren grabazio batera etorri behar duzu!
Eta negarra? Negarra edo haserrea sortzen dit ikusteak ni % 80 emanez ari naizela lanean eta beste batzuk, aldiz, % 40 eskainiz.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Sukaldaria edo albaitaria.
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Politikaria.
Bizio bat: Txokolatea.
Lasterketa bat: Zegama-Aizkorri.
Sukaldari bat: Beñat Ormaetxea.
Jaki bat: Ahuakatea. Ogitartekoan ere jan dezaket!
Eñaut Mitxelena