Aparretan

zerbeza

Azken urteotan loraldia bizitzen ari da artisau garagardoa. Enpresa handi apur batzuen esku zegoen merkatuan, garagardo eskaintza murritz antzekoa izatetik artisau garagardo marken eztanda bizitzera igaro gara. Egun, duela zenbait urte ez bezala, ohikoa da tabernetan zein dendetan artisau garagardo marka mordoxka topatzea. Aparretan dira artisau garagardoak. Gainera, negozio ereduetan ere arnas berria ekarri dute haietako askok. Egiteko edari erraza izanik, sortu diren egitasmo asko eta asko txikiak dira, norbanakoen ekinetik jaioak eta kapitalismoak ezarritako ekonomia eredu basatitik aldenduak. Noski, etekin gose edo egarri asegaitzetik sortuak ere badira, izan multinazionalen menpeko egitasmoak edo egitasmo txikiagoak. Nolanahi ere, eskaintza zabala ekarri du artisau garagardoen loraldiak kontsumitzaileen artera, baita produktu ezagunarekiko interes handiagoa ere. Hala, fenomeno hori barne-barnetik ezagutzen edota bizi duten hiru lagunengana jo du AIZU!k, artisau garagardoen ñabardura guztiak dastatu nahian. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Iban Lantxo.

benat

“Etxean egiten hasi eta garagardotegia sortzen buka dezakezu”

Etxean garagardoa egiteko gaiak saltzen ditu Lupulu.com webguneak, eta artisau garagardoen bilatzailea da Localbier.com. Talaios Kooperatibako Beñat Irasuegi (Errenteria-Orereta, 1978), eta Joseba Karrikiri eta Igor Oyarbideren ekimenaren emaitza dira. Irasuegik azaldu duenez, zerbitzu gehiago ere eskaintzen dituzte: prestakuntza, ingeniaritza lanak, ikastaroak, aholkularitza...

Duela bospasei urte sortu zuten Lupulu.com Irasuegik eta Karrikirik. “Josebak aspalditik atsegin du etxean garagardoa egitea. Ikasitakoa tailerren bidez erakutsi nahi zuen, eta kitak saldu etxean garagardoa egiteko”. Izan ere, “Interneten saltzen ziren garagardoa egiteko lehengaiak, baina gehienetan kantitate oso handitan. Ikasten hasteko, 5 litroko ekoizpena egitea nahikoa da, eta halakorik ez zegoen”. Hala, garagardoa etxean egiteko tresnak eta lehengaiak saltzen dituzte, bai eta, noski, produkturik arrakastatsuena ere: 5 litro egin ahal izateko kita. Finean, asmoa zen erakustea “garagardoa etxean egitea erraza dela eta egin daitekeela”. Horretarako, ikastaroak ere ematen dituzte.
Lupulu.com sortu ostean ezagutu zuten Igor Oyarbide, Garagardo Ahotsa blogaren egilea. “Berak aipatu zigun artisau garagardoen datu basea sortzeko ideia. Ez Estatuan, ez Euskal Herrian, ez zegoen inongo webgunerik esaten zuena zenbat ekoizle zeuden, non kontsumi zitekeen... Orain asko orokortzen ari da, baina orduan oso leku gutxitan aurkitzen ziren artisau garagardoak. Ideia zen informazio hori guztia katalogo batean batzea”. Horretarako sortu zuten, duela hiru urte, Localbier bilatzailea. Euskal Herriko eta nazioarteko datuak eskaintzen ditu, “baina datu base onenak Euskal Herrikoa eta Espainiako estatukoa dira”. Egun, “mapan bereizten dira ekoizleak, jatetxeak, tabernak eta dendak”. Oinarrizko zerbitzua doakoa da, baina “ekoizle, banatzaile zein tabernentzako zerbitzu gehigarriak ezartzen ari gara”. Garagardoaz informazio mordoa jasotzen duen bloga ere badu, artisau garagardoen munduan “erreferentzialak” izan nahian.
Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Irasuegik; horretan sekula aritu gabe, “elikaduraren eta edarien munduak betidanik erakarri nau”. Garagardoaren kasuan, ezaugarri jakin batzuengatik: “Edonork egin dezake garagardoa, eta interesgarria da ikustea hainbat gauza gure kabuz egin dezakegula; jende askok egin du bide hori”. Izan ere, garagardoa egitea erraza da, “segur aski, edari alkoholdunen artean errazena”. Irasuegiren aburuz, “horregatik da oso  produktu gogobetegarria, horrek bultzatzen zaitu jarraitzera. Etxean egiten hasi eta garagardotegia sortzen buka dezakezu”. Erraztasun hori da, Irasuegiren ustez, garagardoak azken urteotan izandako loraldiaren arrazoietako bat. “Jendea ahalduntzeko gaitasuna du. Jendeak gai ikusten du bere burua hurrengo pausoak emateko eta hortik bizitza proiektu bat ateratzeko. Hori izugarria iruditzen zait”.
Beste hainbat balio ere ikusten ditu artisau garagardoaren inguruan. Esaterako, tokiko ekonomian eragiteko ahalmena: “Ekonomia gero eta globalizatuago honetan, tokian ekoiztu eta tokian kontsumitzen dira”. Horri lotuta, “lehen sektoreari bultzada emateko bestelako aukerak sortzen dira. Asko dago egiteke, baina Euskal Herriak badu gaitasuna berton kontsumitzen den garagardoa bertoko lehengaiekin egiteko”.
Balio horien bidetik “bestelako ekonomia eredu bat jorratuko duten proiektuak” sor daitezke: “Aukera ematen dute jendeak lana sortzeko, eta lana nolabait kooperatiboa izateko, berdintasun formuletan oinarrituta...”. Jakina, artisau garagardoen artean denetarik dago, eta denek ez diete balio horiei heltzen. Mota batekoa zein bestekoa izan, egungo ugaritasunak ez du betiko iraungo: “Orain loraldian gaude, baina marka asko desagertu egingo dira. Balio bereizgarri horiei eutsi bitartean, ziurrenik sortuko dute sistema erresilienteagoa bai marka handien erakarpen ahalmenari dagokionez, bai haien negozioaren bideragarritasunari begira”. Horretan, besteetatik bereizteari ere garrantzia ematen dio: “Garagardotegi berri gehienen negozio ereduak ia berdinak dira: botilan merkaturatuak, espezializatua... Tabernako eguneroko  kontsumitzaileei garagardoa emango dieten ekoizleak behar dira”.
Loraldiak loraldi, gabeziak ere badira: “Kultura oso eskasa dugu, eta landu behar dugu. Ekoizle handi batzuek nahi izan dituzten zaporeetan hezi gaituzte”. Horretan, baina, bada arriskurik. “Egungo boomak badu ukitu elitista; kultura falta hutsa da. Prest gaude gehiago ordaintzeko, baina ez produktua hobea delako, baizik eta, askotan, estatus kontuagatik. Utzi tontokeria horiek eta goazen produktu herrikoiak egitera! Bertoko lehengaiekin, hemengo ekonomia sustatuz... Gehiago ordaintzekotan, izan dadila horregatik, eta ez produktu elitista bat nahi dugulako”.

gar

“Euskal lupulua lortu behar dugu zerbait berezia atera ahal izateko”

Euskal Garagardo Elkarteko (EGE) presidentea Jabi Ortega (Donostia, 1972) da aurten, Gar&Gar garagardotegiko bazkidea. Elkartea 2014an sortu zen, hemengo artisau garagardo ekoizle gehienak txikiak izanik, “elkartuta indar handiagoa edukitzeko”.

Erakundeekiko harremanak erraztea, produktuak denen artean erostea, jendeari erakustea zer egiten ari diren eta zer ezberdintasun dauden garagardo hauen eta industrialen artean… dira EGEren xedeak. Momentuz, bederatzi bazkidek osatzen dute,  eta bi baldintza bete behar dituzte elkarteko kide izateko: “EAEn egitea garagardoa (Euskal Herri osoko elkartea oraingoz ezin da eratu) eta EAEn ordaintzea alkoholari dagozkion zergak, hau da, dirua hemen uztea”.  Elkarkideak izan arren, ordea, euren arteko lehia egon badago: “Bazkideok komunean ditugun ardatzak baino ez ditugu lantzen, adibidez, kalitate handiko bertoko produktua lortzea, edota jendeari artisau garagardoa zer den zuzenean erakustea. Horretarako erabiltzen ditugu Basquebeer Fest azokak eta erakusketak”.
Azoka horietan, artisau garagardoaren eta garagardo industrialen arteko aldeak azaltzen dituzte, besteak beste: “Gure garagardoek gorputz eta zapore handiagoa dute. Guk ez dugu iragazten, eta bigarren fermentazioa botilan egiten dugu. Ondorioz, gasa naturala da; industrialek, aldiz, gas artifiziala eta kontserbagarriak dituzte. Guk lehengai naturalak baino ez ditugu erabiltzen”. Dena den, momentuz, bertoko artisau garagardoak ez omen du ezaugarri berezirik: “Euskal garagarra dagoeneko badugu, Araban egindakoa, baina euskal lupulua lortu behar dugu zerbait berezia atera eta ‘hau euskal garagardoa da’ esan ahal izateko”. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin  lanean ari dira, eta aurten Europako funtsak eskuratu dituzte egitasmo bat finantzatzeko: Arabako nekazari batek hektarea bat lur utzi die lupulua landatu eta hemen nola hazten den ikusteko. Hala ere, “emaitzak ez dira ikusiko datorren urtera arte eta, eskaerari erantzutea benetan posible izango den jakiteko, hiruzpalau urte itxaron beharko da”.
Izan ere, garagardoak lau osagai ditu: ura, garagar maltatua, lupulua eta legamia. Maltatze prozesua (uretan jarritako garagar aleak ernamuintzea) beharrezkoa da garagar aleetatik azukrea, zaporea eta kolorea ateratzeko, eta hori Nafarroan egiten dute. Urrats horretan izan dute lorpen bat, enpresa nafar horretan lehen Arabako garagarra Burgoskoarekin eta beste leku batzuetakoarekin nahasten zutelako. Orain, aldiz, garagar arabarra besterik ez dute erabiltzen EGEko kideentzako malta egiteko. Bestalde, lupuluak garagardoari mikaztasuna, usaina eta zaporea ematen dizkio, eta kontserbatzaile naturala da, elkarteko garagardo egileek erabiltzen duten bakarra. Bada, Jabi Ortegak dioenez, “Donostiako Martutene auzoko adinekoek diote garai batean Urumea ibaiaren ondoan lupulua berez hazten zela, baina desagertu egin zen”. Nazioartean ere txikia da lupulu ekoizpena, “oso garestia mundu osoan, eta kostatzen da AEBetatik, Ingalaterratik edo Alemaniatik ekartzea”. Horrenbestez, Arabako proba ondo aterako balitz, EGEk aukerak ikusten ditu hemengo nekazarientzat, ekoizpena kanporatu eta negozio ildo berri bati heltzeko.
Alabaina, moda hutsa ote da artisau garagardoaren ekoizpena? Ortegaren ustez, “ez da moda, sentimendua baizik… jendeari mundu desberdina lortzea posible dela erakusteko modua. Gainera, garagardo ekoizpena ez da gaurkoa Euskal Herrian, guk ohitura berreskuratu baino ez dugu egin, desagertuta zegoelako”. Hala, Euskal Herrian garagardo artisauek oso harrera ona omen dute: “Gainera, gaur egun, Euskal Herriko artisau garagardoen mugimendua ezaguna da hemendik at ere, eta hori berri ona da”. Izan ere, nork egingo dio uko ondo zerbitzatutako garagardo on bati? Ortegak argi dauka nola egiten den hori: “Garagardo mota bakoitzak bere edalontzia dauka eta, zerbitzatzeko ere, bakoitzak bere tenperatura dauka… baina, hori bai, beti bi hatz aparrekin gainean!”.

boga

“Tokiko artisau garagardoa merkatu jeneralistara sar daiteke, izaera galdu gabe”

Boga Garagardoa enpresako kooperatibista da Urtzi Ugalde (Bilbo, 1984). 2014an sortua, Mungian ekoitzitako proiektu honen izateko arrazoia alternatiboa da, bi zentzutan: batetik, multinazionalen aurrean tokikoa, artisautzan eta elkarlanean funtsatua delako; bestetik, craft beer (etxean egindako garagardoa) produktua izanda, publiko masiboarentzat izan nahi duelako.

Egun Boga izenez ezagutzen badugu ere, Ugalderen esanetan “egitasmoaren hazia Kukutzako Izarra garagardoan dago, multinazionalen aurrean gaztetxeari eta gertuko hornitzaileei bestelako aukera bat eskaintzeko jaioa”. Eraikina eraitsi eta urte batzuetara, jatorrizko proiektuan parte hartu zuten batzuek jarduera berreskuratu nahi izan zuten, maila zabalagoan eta beste ekarpen bat egiteko: “gaztea, ekonomia sozialean oinarritua eta euskal munduari begirakoa, aurretik landu gabeko eremu bat jorratzeko asmoz”. Gauzak horrela, banku etikoaren bidez finantzatu zuten gazteek kooperatiba berria, “honen guztiaren benetako altxorra osatuta, hau da, familia, lagun, elkarte, konpartsa, erakunde, enpresa eta sindikatuek jarritako kapital soziala”. Orduan heldu zen merkatura jauzi egiteko tenorea.
Ausardia hura ongi atera zaie, antza. Iaz, Boga garagardoak 60.000 litro saldu zituen 300 saltokitan; hiru urte igarota, 300.000 litro ekoizteko bidea emango duen zabalkuntza-prozesuan dago; eta jada lau lanpostu finko sortu ditu. “Merkatu logikak berak eragina duela esango nuke, garagardo ekoizpenaren loraldi honetan jendea gero eta gogotsuago baitago gauza berriak probatzeko”. Hots, “Hori-Ilun-Beltz” zapore klasikoen trilogiatik urruntzeko eta, hain zuzen ere artisau izaera duelako, bizirik dagoen produktu batekin batera eboluzionatzeko. “Hortaz, kontsumitzaile tipologia espezializatu horretara moldatu gara: bertokoa asko balioesten du eta, sarri, ekonomia sozial eraldatzailearen eremukoa izaten da”.
“Bezero nitxo” horietako asko Euskal Herri osoko txosna gune, jaialdi zein garagardo azoketan daude. Saltoki asko iraunkorrak dira, eta Bogak hamar bat tabernatan kañak jartzeko makinak ere baditu; alabaina, etekinen % 40 inguru kultur ekimenetan eta jai herrikoietan saltzen dituen upeletatik datoz: EHZ Festibalean, Gazte Akelarrean, Ibilaldian, Bilboko jaietan... Halaber, Donostiako Piratekin ere elkarlanean dabiltza kooperatibistak, baita AEKrekin ere: “20. Korrikan, garagardo pertsonalizatua kaleratu genuen, egin dugun lehenengoa, eta Iruñeko azken eguneko jaian salgai jarri genuen; ideia nahiko arrakastatsua izan zen eta oso emaitza positiboa izan du”.
Ondorioz, argi dago esparru jakin batzuetan markak ongi funtzionatzen duela, baina, egiatan, Bogak badu lekua merkatu jeneralistetan? Ugaldek baietz uste du, hainbat muga gainditzeari oso zaila deritzon arren, “esaterako, prezioa, edo sustapenekin loturiko merkataritza bortizkeria; halere, esan bezala, abiapuntu polita dugu kontsumitzaileek kontuan hartzen dituzten bestelako bereizgarriei dagokienez, lehengaiak bertokoak izatea, kasu”. Hala, egun, kooperatibaren ekoizkinak lau hipermerkatutan aurki ditzakegu, eta datozen hilotan beste 60 supermerkatu ertain-txikitan egongo dira. “Zer irabaziko dugun eta balizko kontraesanak hausnartuta, horren aldeko apustua egitea erabaki dugu, erakusleihoak gure helburuak lortzen lagunduko digulakoan”.
Bete nahi dituzten xede horien artean, lehengaien trazabilitate sistema dago, alegia, Euskal Garagardo Elkarteko gainerako kideekin buru-belarri lantzen ari diren estandarizazio sistema: garagarra eta lupulua, biak izan daitezen Euskal Herrian landatuak, ekoitziak eta produkziorako baliozkotuak. Lehiakideak baino, Elkarteko kideengan aukerak ikusten ditu Ugaldek, “trazabilitateaz gain, ekoizkinetan kalitatezko zigilua ezartzeko edota Basque Beer Fest jaialdiak antolatzeko, beste abantaila askoren artean”.
Horrenbestez, Ugaldek argi dauka: “Boga izan edo ez, euskal garagardozaleei esango nieke bertoko garagardoa kontsumitzeko; eta gero, ahal badute, gurea aukeratzeko, jakinaren gainean ekonomia sozialaren ikuspegitik enpresa mundua eraldatu nahi dugula”.