Artistak mimatzeko

okela

Artistek sortu eta kudeatutako eremua da Okela Sormen Lantegia. Izaro Ieregi, Irati Urrestarazu eta Nora Aurrekoetxea dira Bilboko San Frantzisko kaleko arte gune honen arima. 2013ko irailean sartu ziren 25 urte hutsik zeramatzan harategian. Proiektua aurkeztu eta etxepekoek ondo hartu zutenez, lokala utzi zieten, txukuntzearen truke. Dena konpondu eta 2014ko apirilean ireki zuten. M. Egimendi.

Okela eratu zen arte garaikidearen testuingurua aktibatu eta artista plastiko zein bisualen arteko harremanak sortzeko asmoz. Une hartan, hirurak zeuden unibertsitateko ikasketak amaitzen, beren buruari “eta orain zer?” galdezka: “Estudioko lanean geure kabuz hasteko gogoa genuen, baina ez genuen bakarka egin nahi. Martxan jarri ahala, bestelako behar batzuk sortu ziren. Ikusi genuen, adibidez, ez zegoela loturarik ibilbide ezberdinetako artisten artean, ezta esparrurik ere harreman horiek gauzatzeko. Gainera, unibertsitatetik urrundu ahala, gero eta zailagoa da norberaren belaunaldiko artistekin harremana izaten jarraitzea”.
Beharren artean, erakusketa espazioena ere bazegoen. “Daudenak nahikoa diren ala ez, edo nola funtzionatzen duten alde batera utzita”, beste mota batekoen falta nabaritu zuten: “Gure ustez, artista ez da objektu egile soila; izan ere, objektu horren atzean lanketa bat dago, diskurtso bat, pentsamolde bat, baina hori ez da inon ikusten”. Prozesu hori agerian utzi nahi zuten, artisten eta herritarren artean zubi lana egiteko. Beste xede bat euskararen presentzia bermatzea da, “arte garaikidearen inguruan sortzen diren testu, kritika eta pentsamendu guztiak gaztelaniaz edo ingelesez izaten direlako”.
Gauzak egiteko beste modu baten bila, zaintza aipatzen dute: “Hona etortzen diren artistak zaintzen eta duintasunez tratatzen saiatzen gara, ordainduta, adibidez; izan ere, gaur egun, erakusketa gutxitan ordaintzen zaio ganoraz artistari. Amorrua ematen du gogoratu beharrak, baina erakusketa aretoa zaintzen duen atezainak soldata dauka, kudeatzen duenak, hormak txukuntzen dituenak, kartelak egiten dituenak... ere bai. Baina hori guztia ez dago artistarik gabe, eta horri ez zaio ordaintzen, erakusketa bere curriculumean jasotzeak zerbaiterako balioko balu bezala. Halere, ez da diru kontua bakarrik, sinbolikoki ere balioetsi behar da, lan bat egiten ari delako. Agian ezin da neurtu beste lanbide batzuetako parametroen arabera, baina lana da. Gurekin aritzen diren artistek goxotasun hori nabaritu dute, baita erakunde handi eta formal batean ez jarduteak dakarren askatasuna ere”.
Artisten sarea
Kudeaketaz arduratzen diren hiru kide hauez gain, Okelan kolaboratzaileak eta okelatarrak daude. Lehenengoak dira Okelan kolaboratzen duten artistak, sare digitalean parte hartzen dutenak nahiz beste erakusketetan partaide izan direnak, eta argazkilaria ere bai.  Okelatarrak, berriz, bazkideak dira, “esparruari babes ekonomikoa ematen diotenak”. Denetarik dago mezenas horien artean: “Unibertsitateko irakasle, lagun eta senideez gain, jende gaztea ere bai, harrigarria izan arren, gure poltsikoak ez baitira egoten horrelako proiektuak babesteko moduan. Aurrez aurre ezagutzen ez dugun baten bat ere badago, proiektuan sinetsi eta ekarpen ekonomikoa egiten ari dena”. Horien babesak proiektua sostengatzen duten diru laguntza publikoak osatzen ditu.
Haien egitasmoetarako, gonbidatu egiten dituzte artistak, beren filosofiaren baitako hiru lan lerroei jarraiki: “Genero ikuspegia, beti ahalegintzen garelako emakumeen parte-hartzea bermatzen; euskara bermatzea, gure proposamenean, alde plastikoaz gain, alde diskurtsiboa ere badagoelako; eta hainbat belaunalditako artisten presentzia”. Hori guztia arte garaikidearen esparruan.
Artisten sare digital bat ere ari dira osatzen, 80tik gora dira egun. Horko artista guztiek ez dute parte hartu Okelaren proiektuetan, baina, deialdi ireki horri esker, aukera dute eurei buruzko informazio laburra paratzeko. “Beraz, artistak gonbidatu behar ditugunean, edonon bilatzen ditugu, baina horra ere jotzen dugu. Jardunean dauden artisten sarea da, eta artistek tresna moduan erabil dezakete beste artista batzuk ezagutzeko. Horrez gain, beste eragile batzuek artista garaikideekin harremanetan jarri beharra badute, lehenengo kontaktua egiteko modu erraza ere bada”.
XIII.AMP Bakea
Erakusketez eta artistekin egindako tailerrez gain, AMP (Artisten Meeting Pointa) izenekoak antolatzen dituzte toki honetan. Euskal Herrian jaio, bizi edo behar egiten duten artisten arteko topaguneak dira, eta urtean lau antolatzen dituzte, bakoitza hitz baten inguruan: “Hitz bat pentsatu eta hari ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen saiatzen gara, gonbidatuko ditugun artistek ez dezaten jo diskurtso edo alde beretik, hau da, dibertsitatea bilatzen dugu. Guretzat garrantzitsua da  ibilbide ezberdinetako artistak bilatzea, adibidez, hasten ari den jendea, ibilbidetxo bat egina duena eta ibilbide luzekoa, aberastasun handiagoa lortze aldera. Batzuetan eskatzen diegu obra zehatz bat ekartzea, baina artistak berak beste bat proposa dezake, edo obra bat propio sortu. Dena den, ez dugu dirurik lan berriak ordaintzeko, eta, gainera, ez gaude oso ados hori eskatzearekin, obra asko eginda eduki ditzakeelako artistak”. Elkarlanean, jarrera guztiz irekia izaten dute, eta beti gonbidatzen dute beste diziplina bateko artista bat, “zubi lana egin dezan arte bisual eta plastikoen eta beste arte mota batzuen artean”.
Hurrengo AMP hil honen 9tik 22ra izango da, XIII.AMP Bakea. Erlea Maneros, Oier Iruretagoiena eta Irantzu Yaldebere artistek hartuko dute parte “bakea” hitzaren inguruko lanekin. Artista gonbidatua, hasiera egunean, Ixiar Rozas idazlea izango da, Magmadam musika taldearekin batera. Azken egunean, ostera, ohi bezala, berbaldia egingo dute hiru artista gonbidatuekin.
XIII.AMP honetan, Manerosek Guggenheimen egindako erakusketa batean zentsuratu zioten webgunea jarriko du. Francoren garaian argitaratu eta Lazkaoko beneditarren artxibategian aurkitutako aldizkari klandestinoa da, digitalizatua. Bertan eman ziren argitara torturatutako ETAkideen lehenengo adierazpenak. Iruretagoienak eta Yaldeberek, berriz, lan berriak ekarriko dituzte. Guztiak Okela Sormen Lantegian ikusgai.