Memoriaren loraldia

burutain

Loratu da egiaren hazia Burutainen (Anue ibarra). 80 urte eman ditu zain, gora egitea eragozten zion lurra norbaitek kentzeko itxaropenera kondenaturik. Bitartean, izuaren sastrakak nagusitu izan dira justiziaren zelaian, harik eta herriko bizilagun Martin Laguardiak (87 urte) lur hori kendu eta memoria eta duintasuna azaleratu dituen arte. Iragan apirilean, 1938an Ezkabako presondegitik ihes egin zuten sei lagunen gorpuzkiak aurkitu zituzten. “Nire begien aurrean hil zituzten” azaldu dio Aizu! aldizkariari. Arkaitz Almortza.

Iruñerriko Ezkaba mendia, 1938ko maiatzaren 22a. Gerraren hodei beltzek inguratuta dago mendi tontorreko Alfontso XII.a gotorlekuan atondu duten kartzela. Barruan, askatasunaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren alde borrokatu diren 2.500 preso inguru daude: abertzaleak, sozialistak, anarkistak edota komunistak. Hilabeteak daramatzate gatibu, bertan zenbat denbora daramaten ere ez dakite dagoeneko. Aurreko egunetako zurrumurruak indartzen ari dira eta, bat-batean, iluntasun bete-betean, preso batek garrasi egin die: Libre zaudete! Frantziara! Zirt edo zart egiteko segundo gutxi batzuk dituzte, eta, azkenean, 795 presok ihes egitea erabaki dute, askatasun haizearen atzetik.
Noraezean doaz maldan behera, ez baitute ingurua ezagutzen. Beldur dira, baina indartsuagoa da etsaiaren atzaparretatik ihes egin eta askatasuna eureganatzeko ametsa. Jakin gabe, Europako kartzela batetik artean egindako ihesaldirik jendetsuena burutu dute. Taldea banatu egin da, eta frankistak zabaltzen hasiak dira irratian iheslariak “hiltzailek, bortxatzaileak…” direla, herritarren artean beldurra sortzeko. Zenbait preso Burutainera iritsi dira, bizpahiru egunez hara eta hona ibili ostean. Zailtasunak dituzte aurrera egiteko, akiturik baitaude.
“Herriko bost haur mendira igo ginen, eta hantxe ikusi genituen gizon haiek” azaldu du Martin Laguardiak. Zazpi urte besterik ez zuen orduan. “Gose ziren, eta behi bat hiltzear ziren, jateko. Erdi biluzik zeuden, arropa erabat urratuta zuten. Orduan, herrira jaitsi genituen, laguntzeko asmoz, baina errekan Guardia Zibila zegoen zain. Gure harridurarako, eskolara eraman zituzten atxilotuta; ez genuen ezer ulertzen”.
Ihesaldia ez zen batere samurra izan presoentzat. Paco Etxeberria mediku forentseak aldizkari honi azaldu legez, gatibu haietako asko Espainiako beste toki batzuetakoak zirenez, ingurua ez zuten  behar bezala ezagutzen, eta, gainera, “ez zuten oinetako aproposik bidean aurrera egiteko, eta oso gose ziren; hots, indarrik gabe zeuden, ahul”. Beraz, askok etsaiaren aurrean errenditu behar izan zuten, Burutainen gertatu zen bezala.
Esan bezala frankistak irrati uhinetatik izua zabaltzen saiatu arren, Laguardiaren herrian ez zuten lortu bizilagunak kikiltzea. “Emakume guztiak joaten ziren eskolara presoei janaria ematera, eta babesa eskaintzera; oso polita izan zen bizilagunen jarrera” dio hunkituta gertakari haien lekukoak. Haatik, adituen esanetan, jokabide hura ez zen ohikoena; beraz, are bereziagoa da Anue ibarreko gertaera.
Ezkabako presondegitik ihes egindako hiru lagunek baino ez zuten lortu muga zeharkatzea (historialarien iritziz, baliteke laugarren bat ere izatea). Gainerakoen artean, 585 preso harrapatu eta presondegian sartu zituzten, eta 207 tiroz hil zituzten, Burutainen antzera. “Bi egun eman zituzten preso eskolan. Halako batean, meza ostean, atxilotuak hartu eta apaiza, guardia zibilak eta falangistak desfilean irten ziren herritik, Burutain eta Ostitz lotzen dituen errepidearen albo batera iritsi arte. Haiekin batera eraman gintuzten herriko haurrak, tartean ni” azaldu ditu zehatz-mehatz Laguardiak egun hartako une guztiak, malkoek irrist egiten dioten bitartean. “Albo batean geratu ginen gu. Konfesatu nahi ote zuten galdetu zieten, baina ez zuten ahoa zabaldu ere egin; ongi zekiten zer zetorkien, atzean bezperan egindako zulo handi bat baitzuten zain. Tiroz hil zituzten, gure aurrean”.
Historia berridazten
1938ko gertakari hura 80 urtez egon da isilpean herrian. Izuaren uztarria jarri zieten bizilagunei, batez ere zuzeneko lekuko izan ziren haurrei. Ez zuten ahoa zabaldu, ezta ikusitakoaz hitz egin ere. Zortzi hamarraldi igaro ondoren, Martin Laguardia da sarraskiaren testigu bakarra. “Gainerakoak hilda daude, eta gaiaz hitz egin behar nuela erabaki nuen, bestela ni zendu eta eraildako haiek hortxe jarraituko lukete, lur azpian, animaliak baino okerrago”.
Hala, duela urtebete, Errepublikaren egunean, 80 urtean jasandako izuari planto egin eta Urritzelkiko artzain Roberto Urrutia lagun gazteari kontatu zion Burutainen ikusi zuena. Ahoa ireki zuen lehenengo aldia izan zen, eta honela kontatu digu Urrutiak berak: “Errepublikaz eta gerraren ondorioez hitz egiten hasi ginen Martin eta biok. Halako batean, txikitan ikusi zuena kontatu zidan. Aho bete hortz geratu nintzen. Ordura arte ez zion inori txintik ere esan, ezta bere familiari ere; baina nirekin konfiantza zuenez, gertakarien berri eman zidan”.
Gazteak ez zuen birritan pentsatu: lerro arteko mezuaz jabetu eta gaia mugitzen hasi zen, Burutaingo lagunak lurpetik ateratzeko asmoz. Hainbat ate jo zituen eta, azkenean, Nafarroako Amapola del Camino elkartearekin jarri zen harremanetan. “Oso garrantzitsua da gure aitona-amonei entzutea, gure iraganaren memoria bizia baitira” azpimarratu du.  Aipatu elkarteak, memoria historikoa jorratzen duenak, hasieratik egun zuen bat Urrutiaren eskariarekin, eta Laguardiak gero eta argiago zuen hildakoei duintasuna itzuli nahi ziela.
Urtebetez lan horretan jardun ostean, 2017ko apirilean iritsi zen egun handia, hilaren 9an, hain zuzen. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Martinekin eta seme Javier Laguardiarekin elkartu ziren Burutainen, ustez gorpuzkiak zeuden lekuan lurpetik ateratzeko. “Gau osoan ez genuen begirik bildu, eta goizean ez genuen gosaldu; oso urduri ginen” dio semeak. Aitak azaldu digu oso ongi oroitzen zuela non zeuden, harri handi bat zegoelako inguruan. “Hantxe jarraitzen zuen harriak, bizitza osoan oroitu dut arroka hori”. Horregatik,  lekura iritsi zirenean, garbi esan zien Aranzadiko lagunei non hasi behar zituzten indusketa lanak.
Aita-semeak gosaltzera joan ziren, ordu erdi eman zuten tabernan. Itzuli zirenean, ezusteko atsegina hartu zuten: lehenengo gorpuzkia agerian zen. “Aitak esan zien lekutik 50 metrora zeuden. Ikaragarria izan zen, negar batean hasi eta elkar besarkatu genuen” azaldu du semeak. Duela 80 urte, Martin haurra bidegabekeria latz haren lekukoa izan zen; zortzi hamarraldiren ostean, justiziaren lekukoa izan da.  
Gorpuak lurpetik ateratzeko lanak arretaz jarraitu ditu Martinek, ibiltzeko erabiltzen duen makila gainean eskuak ondo bermatuta. “Nik 13 lagun gogoratzen ditut” dio hunkitua. Halere, sei pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Hezurrak dagoeneko hasi dira hitz egiten Paco Etxeberriaren laborategian. “Hezurdurak berregituratzen ari gara, lurretik 2 metrora zeudenez hondatu samar daudelako. Lehenengo datuen arabera, ikusi dugu erdiek ez zituztela ezta 25 urte ere. Indusketa lanetan, bala bat aurkitu genuen, eta gorpuak berregituratzean tiroak ikusi ditugu enborrean eta aldakan. Batzuei, gainera, azken tiroa eman zieten buruan. Heriotza oso bortitza izan zen”.
Ezkabako presondegitik ihes egin zuten presoen laugarren hobia da Burutaingoa. Historialariek egindako lanari esker, gorpuak nongoak izan daitezkeen jakin daiteke. Hobian ere pista txiki bat aurkitu dute, Etxeberriak dioenez: eraztun bat, hizki batzuk dituena. “Lagun haietako bi Asturiasko meatzariak omen ziren” diote Laguardiatarrek.
Ildo beretik, mediku forentseak dio oso garrantzitsua dela gorpuak identifikatzea, ostean familiari emateko. Berria jakin bezain pronto, Ezkaba mendian ahaideren bat preso izan zuten hainbat herritar mugitzen hasi ziren, eta Cuencatik etorritakoak ere bazeuden indusketa lanetan, duela 80 urte galdutako senideren bat aurkitzeko esperantzarekin. “Politena izango da familiek gorpuzkiak berreskuratu eta, behintzat, hilerrian duintasunez lurperatzen dituztenean, merezi duten atsedena har dezaten” diote aita-semeek.  
Laguardiatarrak pozik daude lortutakoarekin, eta jaso dituzten zorion agurrek agerian utzi dute oso urrats ausart eta kementsua izan dela, batez ere halako basakeriaren lekuko izan zenarentzat. “Aitak gauez ez du begirik biltzen, beldur da ez ote diguten zerbait egingo” dio semeak. Urduri jarraitzen du Martinek, eta hau guztia kontatu bitartean hitzak trabatu zaizkio. “Esan diogu ez dela ezer gertatuko, baina beti barruan izan duen shocka oso gogorra izan da” azaldu digu Javierrek.     
Paco Etxeberriak azaldu legez, nahiz eta Francoren borreroek izua zabaldu, bizilagunek etxetik etxera kontatzen zizkioten gertakariak elkarri, ahapeka bazen ere, eta testigantza horiei esker lan handia egin da gorpuzkiak lurpetik ateratzeko. Halere, oraindik ere asko omen dago egiteko. “Nola liteke gaur egun herritarrak hobi klandestinoetan edo areketan lurperaturik egotea? Bada garaia gaiari behar bezala heltzeko”. 
Istorio honetan bigarren mailan egon bada ere, Roberto Urrutiaren lana ezinbestekoa izan da Burutaingo hobian zeuden lagunak lurpetik ateratzeko. “Ahanzturatik atera behar ditugu, areketan dauden pertsona horiek dira-eta herri honen minaren hazia; horrexegatik, halako ekintzek gure gizartearen zauriak sendatzen laguntzen digute” azpimarratu du. Pozik dago emaitzarekin, eta, bere ustez, eraldaketa sozialaren aldeko borrokarekin bat egiten du, mundu justuagoaren aldeko eraikuntza lanarekin, hain zuzen.
Memoriaren udaberrian lore berriak jaio diren arren, adituek diote egiaren, justiziaren eta erreparazioaren zelaia ongi jorratu beharra dagoela. Jakina da, dena den, lur azpian oraindik badaudela gorpuak justiziaren esperoan, garai hartan gertatutakoaren berri emateko prest. Izan ere, esaerak dioen bezala, “bere historia ezagutzen ez duen herria errepikatzera kondenatuta dago”.