Errekaleor, auzolanaren saria

errekaleor

Errekaleorren, horma-irudi koloretsuek ematen diote ongietorria bisitariari; sarreran, ‘auzo-boterea’ idatzita dago, letra larriz. Errotuta dago, Gasteizen, desagertzera kondenatuta zirudien auzoa biziberritzeko 14 ikasle zorok 2013an abiatutako proiektu autogestionatua, zeinari esker, orain 150 lagun bizi diren bertan. Halere, horien etorkizuna kolokan da zenbaki hau ixteko orduan. Izan ere, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek auzoa eraisteko agindua eman du; beraz, ezin azaldu aldizkaria kaleratu bitarteko denboran gertatutakoa. Estitxu Ugarte.

50eko hamarkadaren amaieran eraiki zuten Errekaleor auzoa, Eliza katolikoaren eta erakundeen ekimenez, Gasteizko hiri-inguruan, Espainiako hainbat herrialdetatik etorritako langile xumeak hartzeko eta txabolismoaren arriskuari aurre egiteko. El mundo mejor ezizenez ezagutu zuten garai hartako gasteiztarrek auzo berria; hirigunetik urrun zegoenez, toki arriskutsua zela esaten zuten, ijitoak eta ijito izan barik arazoak zituzten pertsonak bizi zirela bertan, liskarrak maiz izaten zirela, baldintza penagarrietan bizi zirela...  Gaizki begiratzen zieten hiriguneko gasteiztarrek lanera etorri berri ziren etorkinei.
Gasteiza iritsi berri haiek hamasei etxebizitza-bloke besterik ez zuten topatu han; hiritik kilometro askora eraikitako auzo bat, landa zabal batean, ibai lehor baten ibilguan, eta inongo zerbitzurik gabe. Auzolan handia egin behar izan zuten gizarte etxea, liburutegia, taberna eta zinema altxatzeko. Gerora, berrehun familia ere bizi ziren han, eta, denboraren poderioz, auzokideek hiriko bizimoduan integratzea lortu zuten, baina beti eutsi diote 'herri izaera' bereziari.
Egun, Google Maps-en auzoa bilatuz gero, 'Errekaleor auzo askea' agertzen da. Mende erdian, 'mundu hobea' izatetik 'auzo askea' izatera igaro da, eta berrehun langile familia izatetik 150 okupa hartzera. Bilakaera horren ardura, hein handi batean, Gasteizko Udalarena da; izan ere, 2002. urtean, orduko udal gobernuak (PP) auzoko etxeak bota eta berriak eraikitzeko plan bat aurkeztu zuen, hiria hego-ekialdetik zabaltzeko.
Udalaren plan orokorraren helburua zen Gasteizko biztanleria bikoiztea, eta Errekaleorren, zehazki, desjabetutako etxeak bota eta 330 etxebizitza eta familiabakarreko etxe eraikitzea. Auzokide batzuek berehala sinatu zuten eskainitako desjabetzea, eta Udalak babes ofizialeko etxebizitzetara eraman zituen; beste askok, berriz, Errekaleorreko Kaltetuen Plataforma antolatu zuten, auzoan geratzeko asmoz. Eztanda egin zuen, gero, adreiluaren burbuilak, eta Udalak bertan behera utzi zuen erakin berriak eraikitzeko proiektua, hogei milioi euro gastatu ondoren.
Ikasle mugimenduaren ekimena
Tantaka, Errekaleorreko bizilagunek bertatik alde egin zuten. Halako batean, 2013ko irailaren 3an, hamabi gazte Errekaleorreko hogeita seigarrenean sartu eta Errekaleor Bizirik egitasmoa abiatu zuten. Arabako campuseko ikasle mugimenduaren baitatik sorturiko dinamika ez zen nolanahi egin; aurretik, lanketa luzea egin zuten gazteek auzoa ezagutzeko, bertan bizi ziren auzokideekin harremanak sortzeko eta okupazioaren helburuak finkatzeko. "Hasierako talde hartan, ez zegoen gasteiztarrik –kontatu digute–, gazteek auzoa ez zuten ezagutu ere egiten; bizikletan bueltak ematen ari zirela aurkitu zuten, kasualitatez. Lehen okupazioa egin zuten orduan auzoan geratzen ziren hogei bat lagunen onespenarekin; gehienek begi onez ikusi zuten ekintza eta giltzak eman zizkieten".
Gaur egun, arestian esan bezala, 150 bizilagun ditu auzoak, eta Espainiako estatuko auzo okupatu handiena da. Hasierako egitasmoari eutsita, komunitatea finkatzea eta egonkortzea lortu dute. Oinarrian, autogestioa eta lan kolektiboa ditu Errekaleor Bizirik egitasmoak. “Errekaleorreko eraikinak eraberritu eta leheneratu izanari esker, ehun lagunek baino gehiagok beren etxebizitza eskubidea egikaritu ahal izan dute. Ikasle askoren beharrak asetzeko jaio zen proiektu hau, baina, gaur egun, adin eta egoera guztietako pertsonen bizilekua da, jatorri ezberdinetako familiena. Gehienok badugu kontzientzia politikoa, eta komunitate bat garela irizten diogu, alegia, ez dela okupazio indibiduala, baizik eta guztion proiektua. Esperientzia honek garrantzi berezia du gaur egungo testuinguruan, etxebizitza eskubide izateari utzi eta negozio bihurtu baita” diote proiektuko lagunek.
Egitasmo ugari
Hilean bitan biltzen da auzoko batzarra, erabakiak hartzeko; eguneroko martxa, ostera, lantaldeen bitartez kudeatzen dute. Auzo hila zena proiektu ugariren bitartez berpizten ari dira, hasierako auzokideek egindako lanari segida emanda: okindegi bat zabaldu dute, eta ogia doan banatzen diete auzokideei; zinema aretoa berriz ireki dute, eta igandero filmak ematen dituzte; eliza zaharrean, gaztetxea eraiki dute; irrati-estudio bat prestatzen ari dira, bai eta auzoko musika taldeentzako txoko bat ere; baratze ekologikoa, oilategia eta fruta arbolak zaintzen dituzte; ‘musu-truk denda’ zabaldu dute… “Proiektuak jendearen motibazioaren arabera osatzen dira, eta lan esparruak banatu egiten ditugu; gure kabuz kudeatu nahi dugu ahalik eta gauza gehien, gure arteko harremanak merkantilismoaren logikatik aterata, horixe da gure filosofia”. Ildo horretatik, argindarra beren kasa eskuratzea da Errekaleorreko bizilagunen etorkizuneko erronketako bat, “gure energia beste modu batean kudeatu nahi baitugu”.
Hain zuzen ere, argindarra eteteko asmoarekin sartu zen Ertzaintza auzo autogestionatuan, maiatzean, eta hiru bizilagun atxilotu eta hainbat zauritu zituen auzoko argi-koadroa babesten ari zirenean. Argi instalazio zaharra arriskutsua zela eta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak aginduta, Iberdrolak auzoko argindarra eten zuen. Gasteizko Udala ekintzaren alde agertu zen, zera argudiatuta: “Errekaleorreko eta Gasteiz osoko herritarren segurtasuna beste edozeren gainetik dago”. Horrekin lotuta gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak errekerimendu bana egin dutela auzo horretako etxebizitzak okupatu dituzten pertsonek dituzten arriskuez ohartarazteko, “besteak beste, sare elektrikora irregularki egindako lotuneak direla eta”. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, halaber, Errekaleor “suntsitzeko” asmoa agertu du, auzoa eraitsi eta haren lekuan baratze ekologikoak paratzeko. Alta, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Gasteizen Errekaleor Bizirik ekimenaren alde; eta auzokideek orain arte esandakoa berretsi dute: “Okupazioa errotzen ari da, funtzionatzen du; gure eguneroko jardunbidearen ondorioz, begi onez begiratzen digute, eta sektore zabal baten babesa lortu dugu. Udalaren kontraesana, ordea, agerian geratu da: Errekaleorren, lurzoruarekin espekulatu nahi dute”. Era berean, proiektuaren aldeko manifestazioa deitu dute ekainaren 3rako.