“Musikalak dira, gaur egun, operaren eboluzio logikoa”

garmendia

Ainhoa Garmendia sopranoa (Legorreta, 1974) piano eta akordeoi ikasketen bidez lotu zen musikarekin, baina Pello Ramirez irakasleak bultzatuta ekin zion kantuari: lehenengo Ordiziako abesbatzan, Donostiako Orfeoian ondoren. Madrilen, Vienan eta Marseillan egin zituen kantu ikasketak, eta 2001ean Leipzigeko Operak kontratatu zuen. Hura bukatuta, bere kabuz dabil harrezkero. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Noiz ikusi zenuen aurreneko aldiz opera bat?
Donostiako Orfeoiko lagun batzuekin Bilbora joan nintzen, 17 urterekin, Verdiren Rigoletto ikustera. Izugarrizko zirrara eragin zidan antzerkiaren eta musikaren uztarketa hark, eta garbi-garbi ikusi nuen huraxe egin nahi nuela. Ekitaldi hartan, paper nagusia Paolo Gavanelli baritonoak jokatu zuen, eta iaz La Traviata berarekin abesteko aukera eduki nuen, oso berezia izan zen niretzat.
Leipzigeko Operan 2009ra arte egon zinen, baina gero zeure
kasa ibiltzea erabaki zenuen. Zergatik?
Garai hartan, beste leku askotan ere abestu nuen: Frantzian, Ingalaterran, Suitzan, Belgikan... Une batean, Leipzigen jarraitzeko denborarik eta gogorik gabe sentitu nintzen. Kontratu iraunkorra duzunean, astebetean agian hiru opera abestu behar dituzu. Erritmo gogorregia da lana ondo egin ahal izateko. Oso perfekzionista naiz eta frustrazio puntu bat sentitzen hasi nintzen, ezin niolako neure buruari % 100 exijitu. Opera berri bat prestatzen ari nintzela, egunean sei-zazpi orduko entseguak eginez, larunbat batean Mozarten Die Zauberflöte operako Pamina pertsonaia abestu behar izan nuen. Lau-sei hilabete neramatzan paper hura egin gabe, baina bat-batean emanaldi hori tokatu zitzaidan. Kontzentrazio aldetik oso gogorra egin zitzaidan prestatzen ari nintzen opera utzi eta pertsonaia neure egitea. Orduan erabaki nuen Leipzigekoa uztea, hilabete oso bat opera bakar batean erabat kontzentratu eta perfekzioa lortzen saiatzeko.
Opus Lírica sortu zenuen, Donostian, Andrea Albertin italiarrarekin. Zein helbururekin?
Donostian ez zegoenez opera denboraldirik, proiektua aurkeztea pentsatu genuen. 2012an hasi ginen prestatzen, eta handik bi urtera eskaini genuen lehen emanaldia, L’elisir d’amore. Hil honetan bertan aurkeztuko dugu hurrengo denboraldia.
Dagoeneko hiru urte daramatzazue martxan. Nolakoa da balorazioa?
Izugarria, zentzu guztietan! Bizitza osorako esperientzia da, neuretzat oso positiboa izan da, heldutasuna eman baitit eta pilo bat ikasi baitut arlo askotan. Izan ere, horrelako proiektu bat abiatzen duzunean, finantzaketarik eta diru-laguntzarik gabe, denetik egin behar duzu. Nik, lehendabiziko operan, abestu egin nuen, azpitituluak euskarara eta gaztelaniara itzuli, afixak eta webgunea diseinatu, afixok paretetan itsatsi... Andrea eta biok bakarrik hasi ginen proiektua aurrera ateratzen. Pixkanaka joan gara taldea osatzen, kide guztiak hemengoak dira, eta orain beste gauza bat da. Profesionalizatu egin dugu, helburua hasieratik izan delako arlo bakoitzerako ahalik eta profesional onenak lortzea. Hori oso zaila da dirurik gabe; beraz, ahal bezala egiten dugu aurrera. Laguntza badugu, baina oso txikia: Foru Aldundiarena, Donostiako Udalak uzten digun antzokia... Hala ere, ez gara iristen, gehiago behar da, opera defizitarioa delako. Nahiz eta sarrera guztiak saldu, Victoria Eugenia antzokia beteta ere, ez ditugu gastu guztiak ordaintzen. Opera diruz lagundu behar da, bestela ezinezkoa da.
Nabaritu duzue hiru urteotan ikusle kopuruaren gorakada?
Bai, asko. Hasieran, jendea eszeptiko samar zegoen, ez zekielako oso ondo nor zebilen antolakuntzan. Jendeak kalitatea nahi du, publikoa ez da tontoa. Hori niretzat oinarrizkoa izan da proiektu honetan: zerbait egitekotan, izan dadila kalitatezkoa. Berriro diot kalitatea zaila dela dirurik gabe. Asko nabaritu dugu jendea hasia dela konfiantza izaten, ekimenaren lagun ere egin zaizkigu eta gero eta jende gehiago etortzen da. Opus Lírica erakusten ari da opera ez dugula edonola egiten, baizik eta saiatuta, jantzi onekin, eszenografia zainduaz eta abar.
Opera krisian dagoela esango zenuke?
Momentu honetan, dena dago krisian. Krisialdi ekonomiko batean, kulturak sufritzen du aurrena, uste delako, gaizki uste ere, kultura ez dela ezinbestekoa. Baina ez da egia; alderantziz, zenbat eta krisi larriagoa, orduan eta kultur premia handiagoa, jendea alaitzeko eta arazoak ahazteko. Halere, aurrekontuetan kultura arloa murriztu ohi da lehenengo. Horren barruan, opera garestienetakoa da, dena biltzen duelako: orkestra, antzokia, abesbatza... Beraz, hain garestia denez, murriztu eta murriztu.
Noiz arte duzu agenda betea?
Agenda luzarora beteta edukitzea beste garai bateko kontua da. Nik eduki izan dut hiruzpalau urte lehenagotik, baina orain gero eta gutxiago gertatzen da. Abeslari gehienek esango dizute gero eta beranduago programatzen dela, eta gero eta aurreikuspen gutxiago izaten dugula. Une honetan, Opus Líricarekin dut agenda betea, erabaki baitut momentuz opera gutxiago egitea eta horretan gehiago jardutea, oso kontent nagoelako proiektuarekin. Ikusiko dugu zer gertatzen den aurrerantzean, baina bi ume ere baditut eta asko bidaiatu dut. Hamabost urtez ibili izan naiz hara eta hona, herrialde askotan, eta, oraingoz, ez dut halakorik nahi nire bizitzan. Oso gustura nago Leipzig eta Donostia artean saltoka, eta pilo bat proiektu dut, kontzertuak gehienbat. Bide horretatik joan nahi dut.
Zein proiektu dira horiek?
Alemanian, hango gitarra jotzaile batekin, Franz Schuberten abestiez osatutako egitaraua prestatzen ari gara, eta asko ari naiz gozatzen. Lehenengo zatia alemanez egiten dugu, pianorako sortutako kantak gitarraz joz. Bigarren zatia, berriz, gaztelaniaz, Manuel de Falla eta García Lorca, gitarra eta ahotsa. Bestalde, orain arte ez diot inori esan, baina duela sei bat hil gitarra jo-tzen eta konposatzen hasi nintzen, neure kasa. Kontua modu naturalean sortu da, eta pixkanaka forma hartzen hasi da. Lagun batek bota zidan erronka, eta nire lehen erreakzioa izan zen horretan ez nekiela erantzutea, baina konturatu nintzen neure buruari trabak jartzen ari nintzela, eta azkenean proba egin nuen. Egun batean, testu bat etorri zitzaidan burura, idatzi eta gitarra hartu nuen. Melodia bat irten zitzaidan, oso xumea, hiru akordekoa... Harrezkero, beste batzuk egin ditut eta orain baditut sei-zazpi kanta. Horiek lantzen eta hobetzen ari naiz, eta badut kontzertu txiki bat egiteko moduko proposamen bat. Bitxia da, baina kanta bat frantsesez atera zait, eta gainontzekoak gaztelaniaz.
Alemanian bizi arren, 2008an Bihotzeko Amalur diskoa egin zenuen euskaraz, Itziar Barredo eta Pello Ramirezekin. Orain, Artxipielago ikuskizuna sortu da...
Niretzat beti izan da oso garrantzitsua nire jendearekiko harremanari eustea, euskal musika eta euskaraz abestea izugarri gustatzen zait. Argi dut euskara oso garrantzitsua dela niretzat, eta seme-alabekin ere euskaraz hitz egiten dut, nahiz eta Alemanian bizi.
Nola sortu zen Artxipielago?
German Ormazabalek hasi zuen, eta deitu zidanean berehala esan nion baietz. Gero, ideia bera eduki genuen biok, alegia, lehenengo zatia klasikoagoa eta bigarrena modernoagoa egitea. Niri ilusio handia egiten zidan, betiko kantuez gain, modernoagoak ere abesteak. Adibidez, Ilargia, Txoria txori, Nere herriko neskatxa maite, Euskal Herrian euskaraz... errepertorio hori beti eduki izan dut oso barruan, ilusio handia egiten zidan horiek kantatzeak. Bertsolaritza eranstearena, berriz, ez da berria izan niretzat. Andoni Egaña oso malgua da, Donostiako Hamabostaldian berarekin kontzertu batzuk eginda nengoen. Gozamena da harekin lan egitea. Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal eta Belen Ibarrola ere hor daude. Oso pozik gaude publikoaren erantzunarekin, eta kontzertu asko atera zaizkigu.
Zergatik ez da sortzen opera lanik euskaraz?
Egin, egiten dira, baina ez asko. Iaz aurkeztu zuten Altzoko Haundia, haurrentzako opera, txotxongiloekin, eta egon badago halako konposizioren bat edo beste. Halere, opera modernoak musikalak dira, operaren eboluzioak musikaletarantz jo du. Les Misérables eta horrelako musikalak dira, gaur egun, operaren eboluzio logikoa, beste erritmo batzuekin eta mikrofonoaz abestuta. Bestela, obra garaikide batzuk ere badaude, Finlandian-eta dezente produkzio dago, baina batez ere kontzertuetan eskaintzen dira, ez opera moduan.

KOLKOTIK  

Jokatu duzun pertsonaiarik kutunena?
Violetta, La Traviata obrakoa.
Noiz debutatu zenuen operan?
22 urterekin, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, El caserio zarzuelan parte hartu nuen. Operan, bere horretan, 26 urterekin, Leipzigen, Wagnerren Tannhäuser obrako paper txiki batean.
Lehen lana protagonista nagusi?
Le nozze di Figaro obrako Susanna. Pertsonaia hori abestu izan dut gehien nire ibilbidean: 70 bat emanaldi sei produkziotan.
Inoiz joan ez denarentzako operarik egokiena?
Mozart da hasteko egokiena, Die Zauberflöte, adibidez, edo Rossiniren Il barbiere di Siviglia... Izan dadila arina; luzea eta drama handia ez, behintzat, Wagner ez.
Soprano bat?
Diana Damrau alemana, oso artista ona da.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Siriako gerra bukatu eta gauzak bere onera itzuli direla.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Kar-kar! Donostian opera denboraldia sortu nahi duen ero bat!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Orain bezala, musikari lotua, proiektu berriekin...
Musikarekin zerikusirik gabeko zaletasunik?
Tenisa eta irakurtzea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gero eta gauza gutxiagok, baina abestean estropezu egiteak edo.
Eta amorrua?
Gezurrak eta manipulazioak.
Zein kontzertutara joango zinateke?
Gaur egungo kantautoreak gustatzen zaizkit: El Pau, El Kanka, La Otra, El Jose... Kontzertu intimoak atsegin ditut, gitarra batekin, jende gutxirekin...
Agertokira irten aurreko maniaren bat?
Tai txi egiten dut igo aurretik, gorputz osoa berotzeko, ez ahotsa bakarrik.
Sekreturik bai ahotsa zaintzeko?
Ez dut ezer berezirik egiten. Hori bai, bizpahiru urte daramatzat inolako botika sintetikorik hartu gabe. Beraz, jengibrea, eztia, propoliak... baliatzen ditut. Oro har zaintzen naiz: elikadura, bizimodu ordenatua...
Zuk jokatu nahi izateko pertsonaia batek eduki beharreko ezaugarria?
Nire ahotserako egokia izatea. Hortik aurrera, berdin dit.
Kanpoan bizi arren, ez duzu euskara ahaztu. Zergatik ikasi euskara?
Gure ezaugarria delako, gure kultura, bereizten gaituena.
Nolakoa da Ainhoa Garmendia, bi hitzetan?
Burugogorra, kar-kar! Langilea, perfekzionista...