Juanba Berasategiren azken filma zinema aretoetan ikusgai

NUR

Ekainaren 2an estreinatuko dute Nur eta herensugearen tenplua animaziozko filma, hil berri den Juanba Berasategik, euskarazko animazioan aitzindari eta erreferente izandakoak, zuzendutako azkena. Toti Martinez de Lezea idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua dago, Nur pertsonaiaren abenturekin osaturiko bildumaren hirugarren eleberrian, hain zuzen. Fantasiaz betea, balio hezitzaileei leku egin nahi izan diete sortzaileek, filmaren gidoigile Eneko Olasagastik aurkezpenean esandakoaren arabera. Lotura Films ekoizpen etxeak ekoitzi du, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako zinema aretoetan ikusi ahal izango da, baita herri gehiagotan ere. Emanaldien leku eta data zehatzak nur.loturafilms.com gunean kontsulta daitezke.


eztenaMIKELAZULO elkarteak antolatua, Eztena jaialdia ekainaren 15etik 18ra izango da, Errenterian. Jaialdia hasteko, sormen prozesuan dauden hainbat piezaren erakustaldia egingo dute zenbait taldek Mikelazulon bertan, Piezak izenburupean, hilaren 15ean. 16an, Tornado taldearen Lapurminak eta Tetes de Mules konpainiaren LEntresort lanak eskainiko dituzte kalean. 17an, beste hiru ikuskizun: Antzerki Labea udal antzerki tailerreko ikasleen urte amaierako mostra, Mostrak; Zoruk taldearen Igogailua; eta Tetes de Mulesen L’Entresort berriro ere. Azkenik, hilaren 18an, L’Alakran konpainiaren La conquista de lo inútil ikusi ahal izango da, Niessen Kulturguneko auditoriumean; aurretik, baina, La conquista de lo inútil, la deriva eskainiko dute herriko kaleetan barrena ibilian. Bestalde, jaialdiak iraun bitartean, Alvaro Ledesma argazkilariaren Marionettes izeneko erakusketa ikusgai izango da Xenpelar Etxean, eta erakusketari lotua performancea eskainiko dute, birritan, hilaren 17an. Informazio gehiago http://www.eztena-jaialdia.info gunean.

 

 

LABURREAN

KALE ARTEEN jokaleku izango da Ezpeleta ekainaren 3an, Pinpulka elkarteak antolaturiko Jokoz Kanpo 8.0 jaialdiari esker. Zortzigarren aldian, zortzi talderen lanak ikusi ahal izango dira herriko hainbat gunetan. Kluna, antzerkia, dantza, txotxongiloak... hainbat diziplinatako lanak eskainiko dituzte taldeek; tartean, bi euskal konpainiak: Elirale eta Banakike. Egitarau osoa http://www.pinpulka.eu/eu/ gunean dago eskuragai.

EKAINAREN 7tik 10era izango da 14. ACT Nazioarteko Lan Laburren Antzerkialdia, nazioarteko sortzaileen agertoki eta topalekua. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatua, sortzaile eta joera berriei leku egiten die. Lau egunez, nazioarteko eta bertoko artisten sorkuntza laburrak ikusi ahal izango dira Bilboko Kafe Antzokian eta Barakaldo Antzokian. Aurten, guztira, 12 lan izango dira lehian, eta beste 4 aurkeztuko dituzte lehiaketatik at. Sortzaileen arteko topagunea ere badenez, ikastaro eta tailerrek ere osatuko dute egitaraua (/bai-bai.net/act/ webgunean ikusgai).

ZURRUNBILO euskal arte eszeniko garaikideen jaialdiaren bigarren edizioa ekainaren 1etik 4ra bitartean izango da. Parasite Kolektiboak sustatzen du, euskal antzerkia Gasteizera gerturatzeko asmoz, Baratza aretoaren, Oihaneder Euskararen Etxearen eta Arte Eszenikoen Tailerraren laguntzarekin. Hain zuzen, hiru gune horietan izango dira ekitaldi guztiak: emanaldiak, ikastaroak, kontzertua... Besteak beste, ikusgai izango dira Beheko Larraineren Atte hil aurretik; Parasite Kolektiboaren Jadanik hilda; Kabia Teatroaren Hiroshimako zuhaitza; Dxusturi Teatroaren Karramarroa; eta Metrokoadrokaren Mr. Señora.