Tschick

goodbye

Zuzendaria: Fatih Akin. Gidoia: Hark Bohm, Lars Hubrich (Wolfgang Herrndorf-en eleberri batean oinarritua). Aktoreak: Tristan Göbel, Anand Batbileg, Mercedes Müller. Alemania, 2016.

Istorioa: Maik 14 urteko nerabea da. Familia diruduna du, baita disfuntzional samarra ere. Eskolan, gainera, dezente baztertzen dute ikaskideek. Udako oporrak hastean, bakarrik geratuko da etxean: ama alkoholikoa desintoxikazio zentro batera joango da; eta aita, berriz, negozio bidaia luzean. Orduan, Tschick ikaskidea, etorkin errusiarra, agertuko zaio auto lapurtu batekin, eta elkarrekin errepidera joko dute.
Onena:
Bi nerabe errepidean Lada zahar batean, Richard Claydermanen pianoaren doinupean abenturakidea zein nork bere burua ezagutzen. Ostutako auto batean eginda ere, bide ezagunak dira nerabe kontuenak. Nolanahi ere, Akin eskarmentudunak komedia atsegin eta arina ondu du, gai serio eta gogorragoek zipriztindu arren, erraz irensteko modukoa. Gustura ikusten da.
Txarrena:
Deus berririk ez dakar filmak. Baina gustura ikusten bada, zer arraio axola du horrek?
Eñaut Mitxelena