EHZ festibala, sorgin zelaian

ehz

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean ospatuko da EHZ festibalaren 21. edizioa, Lekornen (Lapurdi), Sorgin zelaian, gurea asma lelopean. Ohikoa den bezala, Euskal Herriko eta nazioarteko taldeek eskainiko dituzten kontzertuak izango dira nagusi Garroko jauregiaren inguruetan. Hauek dira, beste askoren artean, aurten gonbidatutako artistetako batzuk: Akua Naru, Band of Dixie, Duchess Says, Gablé, Gatibu, Hun-tza, Joujou, Kumbia Queers, La Cafetera Roja, Marta Ren & The Groovelvets, Mitchi Bitchi Bar, Momo Korala, Mr Marcaille, Nova Twins, Oum, PiLT, Smokey Jon & The Kid, Wucan, Zea Mays... Horiez gain, umeentzako txokoa ez da faltako, eta hainbat tailerrek, hitzaldik, ikuskizunek eta eztabaida gunek osatuko dute egitaraua; esaterako, larunbat arratsaldean, Bake ala pazifikazio? Autodeterminazioa bake prozesuan gaia landuko da, Liam O'Ruairc filosofo eta idazle irlandarraren eskutik. Informazioa osatu eta sarrerak erosteko, festibalaren webgunera jo daiteke: www.ehz-festibala.eu.


HARAHARA! taldeak bere lehen diskoa kaleratu du: Adikzioak, minak eta desirak, rock trinkoa eta melodia uztartzen dituzten zazpi abestiz osatua, nahiz eta batzuetan pop ukituak ere sartu. Taldea iaz eratu zen, Ondarroan, baina Epi, Julen eta Jon Kirru ez dira hasiberriak musikan, Keike, Xarma eta beste talde batzuetako partaide izan baitira aurretik. Elkarrekin egindako estreinako disko honetan, hainbat lagunen kolaborazioa izan dute: Keu Agirretxea, Juan Sangre (Governors), Garoa Arizmendi, Aritz Sagarmendi... Axular Arizmendik iazko urrian grabatu zuen diskoa, Mutrikuko AME Estudioetan. Proposamen gogor eta indartsua egin dute taldekideek, eta izenaren bukaerako interjekzioa inpresioak eta sentimenduak adierazteko dela azaldu dute.

 

 

 

starbluesGU GEU
StarBlues
Gaztelupeko Hotsak, 2016

Taldeak berak euskaraz sortutako zazpi kantu biltzen dira disko honetan, gehi bluesaren eta rockaren arteko bidera eramaten gaituen beste gai instrumental bat, Otis Rush-en, Stevy Ray Vaughn-en eta Ray Charles-en kutsu nabaria duena. Ez da ohikoa, bluesetik abiatuta, duela ia ehun urte asmatutako formula bat errepikatzeko lakioan erortzen ez den taldea, are gutxiago abestiak bere hizkuntzan ontzen baditu, inor berdintzeko xederik gabe eta sormena eta freskotasuna eskaintzen baditu. Hala eta guztiz ere, talde gipuzkoarrak lortu du, eta nortasun sendoaz bustiriko lan biribila kaleratu du.

bonbereneaBONBERENEA 1997 HIT ERREMIXAK
Hainbat
Bonberenea Ekintzak, 2016

Bonberenearen hasiera gogoratzeko bilduma da hau, urteotan kolektiboarekin harremana izan duten 8 ekoizlek osatua. Lanaren izenak kaleratu eta berehala ospetsu bilakatu zen Inauteri 98 HIT abestiari egiten dio erreferentzia. Abesti hura omentzeko, grabaketako pista analogiko originalak berreskuratu eta zenbait ekoizleri helarazi zaizkie, nork bere ukitua emateko: Revolta Permanent, Selektah Stepi (Bad Sound System), DZ eta Pini (Esne Beltza), Anita Parker (Gose), Gorka Suaia a.k.a. Askapen Sound eta Little martin Selektah (Ziribulio Sound).