Mendia

everestEverest igotzen duenak zortzi kilo zabor jaitsi beharko ditu

Albiste iturri oparoa izaten ari da Everest mendia azkenaldian. Izan ere, munduko mendirik garaienean izaten den masifikazioa tarteko, Nepalgo Gobernuak hainbat arau ipiniko ditu indarrean. Hala, tantaka-tantaka horien berri ematen ari dira Nepalgo agintariak. Esaterako, berriki jakinarazi dutenez, martxoaren amaieratik aurrera Everestera igotzen saiatzen den alpinista bakoitzak zortzi kilo zabor jaitsi beharko ditu kanpamentu nagusira. Modu horretan, alpinistek igotako zarama ez ezik, tontor inguruan pilaturikoa ere jaitsiko dute: Everesten igarotako egunetan alpinista bakoitzak, batez beste, 5,5 kilo zabor sortzen ditu; hortaz, 2,5 kilo gehiago jaitsita, apurka-apurka mendian dagoen zabor kopurua gutxituko da. Hala uste du, behintzat, Nepalgo Gobernuak. Orain arte, espedizio bakoitzak 4.000 dolarreko kanona ordaintzen zuen ingurumena babesteko aitzakia pean. Diru hori sherpei ordaintzeko baliatzen zen ondoren, sherpek jaisten baitute zaborra Everestetik. Haatik, ez zen oso metodo eraginkorra, zaborrez mukuru baitira Everesteko pendizak. Nolanahi ere, zenbait adituk uste dute neurri berriak eragin gutxi izango duela. Haien ustez, Everestera joaten diren alpinista asko prestaketa eskasarekin joaten direnez, ez dira gai izango halako zama jaisteko. Ondorioz, lan hori sherpek egingo dute, ordainduta. Iritziak iritzi, martxotik aurrera jakin ahal izango da neurria benetan eraginkorra den ala ez.