‘Poz aldrebesa’ nobela kaleratu du Olasagarrek

olasagarre

Bi gizonezkoren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du idazle nafarrak Susa argitaletxearekin argitaratutako eleberrian. Telebistako kazetari Axi Iminzalduk eta Aldizkari Ofizialaren itzultzaile Joseba Aldazek hemeretzi urte daramatzate bikote izaten, eta sexu gutxiko bolada igarotzen ari dira. Amodioak, zaintzak, leialtasunak, fideltasunak eta bestelako sentimenduek leku handia hartzen dute kontakizunean: idazleari pertsonaien barnetik kanporako eta kanpotik barnerako ibilbidea erakusten laguntzen dioten gaiak dira. Bestalde, protagonista nagusiak bi badira ere, horien inguruan bigarren mailako beste pertsonaia asko ageri dira kontakizuna osatzeko. Denboran, berriz, istorioak behin baino gehiagotan egiten ditu atzera jauziak.
Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) poesia idatziz murgildu zen literaturaren munduan, baina azken lanetan nobelaren bidetik jo du. Hau du hirugarrena, Ezinezko maletak eta T (Tragediaren poza) lanen ondotik.


malagonANA MALAGON idazle donostiarrak bigarren ipuin liburua argitaratu du: Gelditu zaitezte gurekin (Elkar). Hala ere, honek badu alde handia aurreko argitalpenarekin, ordukoak mikroipuinak izan baitziren (Lasai, ez da ezer gertatzen. Elkar, 2014). Oraingo honetan, hamalau bildu ditu, luzeagoak, guztiak ere zaintzarekin lotuak, zuzenean edo zeharka: familiaren oporretako etxean bildu dira berriro anai-arrebak, jada helduak direnean, baina hor daude oraindik min zaharrak; etxebizitza erosi du azkenean emakume gazte batek, modu onean, gainera, baina han bizi den agurea bertan geratzekotan; aita dibortziatuak alaba hartu du astebururako, eta bere txikitako jolasak erakutsi nahi dizkio; ama zahar eta alargunduak berriz ezkontzea erabaki du…

 

 

 

alaineTXORIAK ETORTZEN  EZ DIREN LEKUA
Alaine Agirre
Erein, 2017

Bere lehen poema liburuan, Agirrek nobelaren esparruan ezagun egin duten ezaugarriak erabili ditu: hizkuntza eder eta adierazkorraren bilaketa, erritmoaren sena, sentimenduen agerpen gordina, emozioen bizitasuna… Oraingoan gai minbera bat aukeratu du, ospitale psikiatriko bateko arau, giltza, ordutegi, zaindari eta bezero bereziak izan baititu lehengai. Dramatismorako ematen duten istorioak izan arren, umore ukitu batekin bihurtu ditu poema.

patagoniaPATAGONIARA HAZPARNEN BARRENA
Kepa Altonaga
Pamiela, 2017

Florentzio Basaldua bilbotarra da protagonista nagusia: Ameriketara joan da oso gazterik, eta bertan eraiki nahi du bestelako Euskal Herria. Janpierre Arbelbide garaztarra da kontrapuntua: “Hori ez da ametsa baizik” idatzi zuen, baina hara joandako euskaldunei predikatu nahi die. Intrigazko liburu mamitsu honetan, Ameriketara jo zuen jende uholde ikaragarri hura zein negar-herri honetan geratu zirenak aurkituko ditugu.