Nola heldu naiz ni honaino

minerKattalin Miner
Elkar, 2017

B2 maila

Gauza bigatik erosi nuen liburu hau: batetik, gogotsu irakurri ohi nuelako Kattalin Minnerrek Berria egunkarian idazten zuen zutabea, gauzen erdigunera bide motzetik jotzeko duen gaitasun horrekin; bestetik, lan honi jarri dion izenburuagatik, niretzat propio egin izan balu bezala. Zuretzat ere bai, ezta? Ala bere buruari sekula halakorik galdetu ez dioten horietakoa zara? Hala bada, baliteke zu estralurtarra izatea, edo gogoetei fobia dieten horietakoa… baina, berdin-berdin, liburu honek ez dizu tutik esango, eta baliteke Jezabelek, protagonista absolutuak, seko aspertzea ere.
Nik, ordea, primeran bat egin nuen berarekin, baina ez bat-batean, dena esan behar da eta. Amsterdamerako hegaldi batean ezagutu nuen, eta, hasieran, kirioak dantzan jarri zizkidan… hainbeste kafe-makina eta hainbeste lapiko-sorta; alboan izan banu, nik neuk deituko nion bankuko morroiari, zirt edo zart! Amsterdamera iristerako, ordea, gainezka nengoen emakume gazte honekiko enpatiaz: hain zorrotz, baina zalantzatia bera; besteengandik hain independentea eta bere buruko amaraunaren hain mendekoa… dena barrura irensten duen espezimena, gainera.
Idazleak berak esana da oso erraz irakurtzen dela aipatzen diotela. Hala da, bai, horixe dauka-eta gauza sakonak (familia, sexua, lagunartea…) aise adierazteko ahalmena izateak eta, bejondeiola, eguneroko bizimoduko hizkerari muzin egin barik.
Usoa Alberdi Fernandez