Jango duk mehe

Gure artera ez dira iritsi oraindik (besteak beste, hizkuntz-lubakiak tarteko), baina ingelesez mintzo diren herrialdetan oso azkar hedatzen ari dira ‘etxeko laguntzaileak’ izeneko gailuak: etxeko hainbat tresnarekin laguntzeko eta Internetera konektatuta ahozko aginduei erantzuteko ahalmena duten gailu txikiak dira. Hala, etxera sartu eta “itxi pertsianak” edo “piztu telebista” esan besterik ez dago, magia gerta dadin. Baina tira, ez gaitezen gehiegi emozionatu; izan ere, gaztelania eta frantsesa traba dira gailuok gure artean hedatzeko, pentsa non egongo garen gu guztiok euskaraz erabilgarri egon orduko!
Hori alde batera utzita, gatozen harira: aurrekoan, Burger King hanburgesa etxearen publizitate agentziak ideia maltzur bat izan zuen, AEBetan dagoeneko barreiatuta dauden halako gailuak bere alde (eta dohainik) erabiltzeko. Hamabost segundoko telebista iragarki bat sortu zuen; laburra eta, beraz, merkea. Bertan, itxuraz Burger King batean lan egiten duen gazte bat azaltzen da, esanez 15 segundotan ezin dela kontatu zein onak diren bertako produktuak, baina baduela ideia bat. Jarraian, ikusleei baino, etxeko gailuei mintzatzen zaie: “Ok, Google: zer da Whooper hanburgesa?”.
Izan ere, Googleren Home gailuak programatuta daude ‘Ok, Google’ entzutean ‘esnatu’ eta erantzuteko. Hala, iragarkia emititu zen lehen aldian, Estatu Batuetako milaka etxetako Home gailuek fin-fin irakurri zieten inguruan bildutakoei Whooper hanburgesaren Wikipediako definizioa.
Trikimailua, hala ere, azkar bihurtu zen hanburgesa etxearen aurka. Alde batetik, makina bat lagun berehala sartu zelako Wikipedian hanburgesaren definizioa aldatzera: munduko jakirik eskasena da, behatzetako azazkalekin egiten da... Beste alde batetik, Googlek ordu pare baten buruan lortu zuelako bere gailuek iragarkiari entzungor egitea. Hori, hala ere, aurreikusita omen zuten iragarleek, eta Googleren betoa pare bat aldiz saihestu zuten, aktorearen ahotsa aldatuta. Jokaldi interesgarria, betiere, hobeto ezagutzeko bilatzaile handiak noraino kontrolatzen duen bere gailuen erantzuteko ahalmena.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/aizu_BKspot
Polemika sortu duen iragarkia, Youtuben.

https://labur.eus/aizu_okgoogle
Beste bideo bat Youtuben, iragarkiaren hasierako eragina erakusten duena.

https://labur.eus/aizu_ghome
Gailu hauen inguruko artikulu interesgarria, Berrian.