Lehen hitza euskaraz, baita sarean ere

lehenhitza

Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko asmoz, Interneten ere, lehen hitza euskaraz izeneko kanpaina abiarazi dute,  elkarlanean, PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntax enpresak, Ikastolen Elkarteak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Informatzea eta nabigazio ohituretan eragitea helburu, erabiltzaileei eta webguneen arduradunei begirakoa da kanpaina. Erabiltzaileei, nabigatzailea eta sakelako telefonoa euskaratzeko gonbita egingo zaie. Hori errazteko, gainera, bi baliabide sortu dituzte: nabigatzailea automatikoki euskaratzen duen plugina eta sakelakoa euskaratzen duen aplikazioa. Plugina, oraingoz, Chromen eta Firefoxen dago eskuragarri. Aplikazioa Androiden eskura daiteke, doan. Webguneen arduradunei, bestalde, euskara lehenesteko eskatu diete. Erabiltzaile gutxik dute zehaztuta euskara nabigatzeko: Euskal Herriko internauten % 3-5 inguruk. Garrantzitsua da, baina, euskaraz nabigatzea; bestela, euskaraz inork gutxik nabigatzen duela dirudi eta, ondorioz, webguneen garatzaileek ez dute euskara kontuan hartzen. Horrenbestez, ugaritu egiten dira euskarazko eduki eta baliabideak ez garatzeko aukerak. Kanpainaren arrazoiak zein helburuak www.lehenhitza.eus gunean ezagut daitezke, baita sarean lehen hitza euskaraz egin ahal izateko baliabideak lortu ere.


hekimenHEKIMEN elkarteko hedabideen informazio jarioa harremanetan jartzen du Dokusare-Hekimen proiektuak, Elhuyarren Xenda teknologia baliatuta garatutako egitasmoak. Hizkuntza teknologiak baliatuz, elkarrekin lotzen ditu hedabideetako albisteak, haien antzekotasunaren arabera: Hekimeneko hedabideek argitaratzen dituzten albisteen ondoan, webgune berean zein gainerako euskal hedabideetan gaiarekin lotutako berri gehiago agertzen dira, kontsultatzeko moduan. Dagoeneko abian da eta, oraingoz, Hekimeneko 45 hedabide digitalen albisteak lotzen ditu Dokusare-Hekimenek.

LABURREAN

EUSKARAZKO INTERNET EGUNA ospatzeko ekitaldiaren baitan, Tori.eus aurkeztu zuen iragan maiatzaren 17an PuntuEUS Fundazioak, alegia, fitxategiak partekatzeko zerbitzua. Halako edota antzeko tresna ugari badira dagoeneko, WeTransfer ezaguna, adibidez, baina bi bereizgarri ditu: euskara hutsean dago eta doakoa da. 2 gigabytera bitarteko fitxategiak parteka daitezke Tori.eus-en bitartez.


ITXURA ETA MAMIA berritu dizkiote Lansarean.eus profesional euskaldunen lan atariari. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak sorturiko webguneak lan eskaintza eta eskaria batzen ditu; bada, orain, zerbitzu berriak gehitu dizkiote: lan ohartarazpenak, lanbide orientazioa, prestakuntza eskaintza... Lana eskaintzen dutenen zein eskatzen dutenen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko xedez ezarri dituzte berrikuntzak.

JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA Txillardegi (Donostia, 1929 – 2012) pentsalari, eragile eta idazlearen lan osoa digitalizatu eta sarean ipini du Jakin aldizkariak. Hiru urteko lanaren ostean, www.jakin.eus/txillardegi helbidean ia 2.000 idazlan ipini dituzte denon eskura: 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dituzte. Gehienak Txillardegik idatzitakoak dira, baina bere lanari buruzko azterlan, erreseina eta bestelakoak ere paratu dituzte, baita Txillardegiri berari egindako elkarrizketak ere.