Lurruntzen

julenJulen Gabiria

Udaberriko goiz fresko atsegina, izaretako epela astintzeko aproposa. Bazoaz pasieran, herria amaitu eta basoa hasten den tokirantz. Egunak promesa bat dirudi. Ekialderantz begiratuta, bai, ari da eguzkia irteten, eta ederra dator goiza, hego-haizea dagoeneko hasi baita hodeiak urruntzen. Gauean, euria egin du; zorua bustita dago orain, lurruntzen hasia, hala ere, lurrak zure azalak baino lehenago igarri duelako epelduz doan tenperatura. Trenbidea igarotzerakoan, erdi-erdian geratu zara une batez, liluratuta: errailen eta harritxoen gainean pilatutako ura nola doan goraka, hain modu ukigarrian, lurruna esku artean hartu eta poto batean sartzeko moduan, eta zu han erdian, milaka sumendiren gainean bezala. Ez hori bakarrik: trenbide gaineko kableak tantaka dabiltza, eta aldi berean lurruntzen, dena dirdaika. Zuhaitzen adarrak, belarra, dena ari da distira egiten lehen printzekin, eta auskalo ikusten ari zaren eszena hori ez ote den lehen aldiz gertatzen ari planetaren historia osoan, eta ez ote den azken aldia ere izango. Nolabait jasota utzi nahiko zenuke, bideo-kamera aldean bazenu. Dena den, alferrik, ez baitzen gauza bera izango. Bistan da: ez da errepikatuko. Komeni da begiak ondo zabaltzea, akaso horri buruz idaztea. Bai, horri buruz idatziko duzu, ea lortzen duzun edertasunaren zati txiki bat, behintzat, islatzea.
Halako batean, trena etorri da, astindu ditu errailetatik gora doazen milaka sumenditxoak, lurrunak forma dantzariagoak hartu ditu, kableak mugitzean ur-tanta gehiago erori dira, hego-haizeak ufada epelean bildu ditu belardiak, eguzkiaren printzak irudi harrigarriak sortu ditu zuhaitz-adarren artean filtratzen hasi denean, eta orduan... orduan, Xuxenek filtratzen hitza markatu dizu. Zuhaitz artean pauso-hotsak entzutean jakin duzu, ikusi ez arren, beti segika duzun filologoa zegoela hor ezkutatuta.
Filtratzen hitza lurretik jaso eta motxilan sartu duzu kontu handiz, lurrun ez dadin: bat gehiago idatzi nahi, baina idatzi ezin dituzun hitzen zerrendarako.