Euskara, a zer-nolako mauka!

baduzu

Kalitatezkoa, merkea, ahal dela tokian tokikoa eta garaian garaikoa... erosketak egiteko orduan, nor ez da saiatzen irizpidez jokatzen? Kontsumo eredu berrien bideetan, irizpideak zorroztuta ibili ohi da kontsumitzailea. Horretan ere, euskara ez dago mostradoretik kanpo, kalitatezko kontsumoaren ikur izan baitaiteke. Horretaz jabetzeko eta euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzeko jaio da Baduzu, euskal kontsumitzaileen kluba. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak sortu dute www.baduzu.eus, euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak harremanetan jartzeko webgunea. Hala, gunera jotzen duenak Euskal Herriko 4.000 establezimenduri baino gehiagori buruzko informazioa topatuko du, eta establezimenduak gehitzeko, haien gaineko iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izango du. Izan ere, kontsumo ohiturek ere asko ekar diezaiokete euskarari, euskaraz bizitzea euskaraz kontsumitzea ere badelako, eta kontsumitzailea eragile izan daitekeelako. Merkealdirik ez du behar euskarak, sekulako pagotxa izateko.