Euskara

ibilaldiaIbilaldia jasotzeko prest da Mungiako Larramendi ikastola

Egunero alkarregaz lelopean, Mungian egingo da, maiatzaren 28an, Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. 39. edizioa izango da, eta Mungiako Larramendi ikastolak antolatuko du. Bigarrengoz antolatu ere; izan ere, 1988an hura arduratu baitzen antolatzeaz. Aurtengoan, gainera, ikastolaren 50. urteurrenarekin egingo du bat Ibilaldiak. Hala, mende erdian oztopoak nola gainditu dituzten azaltzen du Egunero alkarregaz leloak. Iraganari ez ezik, ikastolaren eguneroko jardunari ere egiten dio erreferentzia, “ikastola egiten dugun guztion parte-hartzea behar dela uste baitugu”. Hots, hezkuntza komunitatearen nahiz herritarren eguneroko elkarlana nabarmendu nahi izan dute.  Maiatzaren 28an bilduko den diruarekin ikastolaren hezkuntza proiektua sendotu nahi dute. Ikastola handia izanik ere, ez da azpiegitura berrien beharrean. Haatik, proiektua eraberritzeko gogoeta prozesuan ari dira buru-belarri. Hala, hausnarketa horrek emango duen proiektu berria garatzeko baliatuko dute Ibilaldian baturikoa.