Ingurumena

plastikOzeano Artikoa ere ez dago mikroplastikoen kutsaduratik libre

Urruti dagoenez, eta haren inguruan jende gutxi bizi denez, Ozeano Artikoan mikroplastikoen kutsadurarik ia ez zegoela uste izan da orain artean. Usteak erdia ustel, ordea: azken kalkuluen arabera, arroz-alearen tamainako mikroplastiko ugari dago inguru hartan: 400 bat tona. Dentsitate handieneko eremuetan, kilometro koadroko milaka partikula topatu dituzte. Barents eta Groenlandiako itsasoetan neurturiko kontzentrazioak, esaterako, zurrunbilo ozeanikoetan eta Mediterraneokoetan atzemandakoen antzekoak dira. Gainontzeko eremuetan, aldiz, mikroplastikoen kontzentrazioa txikiagoa da. Nazioarteko zientzialari talde batek egin du azterketa; tartean da AZTI ikerketa guneko Xabier Irigoien. Ozeano Artikoan itsas zirkulazioa handitu egin dela-eta, partikula horietako zenbaiten jatorria bertakoa dela uste dute ikertzaileek. Alta, gehienak Ozeano Atlantikoko kostaldeko eremu industrializatuetan dute sorburua, eremu horietan izaten diren isurietan, hain zuzen. Ikertzaileen ustez, ikerketak agerian utzi du mikroplastikoen kutsaduraren arazoaren tamaina: hamarraldi gutxian, mundu osora zabaldu da kutsadura. Oraindik ez dago zehatz jakiterik zer-nolako ondorioak izango dituen, baina, zientzialariek aipatu dutenez, “badakigu oso larriak izango direla”.