Emakumeen Bira

errenteriaHilabete osoz emakumeen txirrindularitza izango da protagonista Errenterian

Nazioarteko emakume txirrindulari onenak euskal errepideetan ikusi ahal izango ditugu maiatzean. Izan ere, hilaren 17tik 21era jokatuko da XXX. Emakumeen Euskal Bira, Iurreta eta Errenteria artean. Bigarrenak hartuko du, hasi eta buka, azken etapa. Ondorioz, emakumeen txirrindularitzari guztiz emana egongo da herri gipuzkoarra hilabete osoan. Maiatzaren 21eko etapa ardatz, egitarau zabala antolatu dute Errenteriako Udalak eta herriko hainbat elkarte eta eragilek. Horrela, emakumezkoen kirola sustatu nahi izan dute, genero berdintasunean eragiteko modua den heinean. Horrekin batera, herritarren parte hartzea ere bultzatu nahi izan dute. Hala, ia hilabete eta erdiz, emakumeen txirrindularitzari lotutako hainbat ekitaldi izanen dira herrian: erakusketak, haurrentzako kirol jarduerak, txirrindularitzari lotutako tailerrak eta zinema emanaldia, argazki lehiaketak, dokumental emanaldia, ibilaldi neurtua... Orotariko ekintzak, gizonezkoenaren aldean erabat itzalean geratu ohi den emakumezko txirrindularitzari balioa eta oihartzuna emateko. http://herribizia.errenteria.eus/ gunean jaso daiteke jarduera horien guztien berri. Hori bai, ez dirudi errenteriarrek askorik beharko dutenik errepide bazterrera gerturatzeko: Ane Santesteban herrikideak Biran parte hartuko du, eta ziur ez zaiola animorik faltako, ezta gainontzeko txirrindulariei ere!